Síguenos en redes sociales:

Arrosak

Goizeko zortziak aldera. Gasteizko General Alava kalea. Legebiltzarreko tranbia geltokitik oso gertu. Bikote bat ikusi dut. Kalean edo aterpetxeren batean lo egin dutela ematen du. Gizona aurretik doa, plastikozko poltsa du eskuan, eta sorbaldan motxila bat. Begirada galdua, arropa zaharrak, bizitzak zigortutako aurpegia. Atzetik, emakumea. Orrazkera desegina, ia belaunetara arte heltzen zaion gizonezkoena dirudien jertse luzea, poltsa handi bat ezkerraldean, eta eskuineko eskuan arrosa bat. Ez da parkeren batetik hartutako arrosa bat. Loradendaren batean zelofanez eta begizta gorri batekin bildutakoa baizik, oparia egiteko prestatua. Emakumeak ez du begirada galdua. Arrosari begira-tzen dio.

Atentzioa eman dit. Eta iltzatuta geratu zait irudia. Haren eskuetan arrosa ikusteak zerbait piztu dit buruan, eta ez dakit oraindik zer. Argi dago kontrasteak eragin didala hasiera batean harridura. Etxegabekoa dirudien emakume bat, bizi-tzak zigortutako emakume bat, eta haren eskuetan maitasun erromantikoaren, pasioaren, errespetuaren eta fintasunaren erakusgarritzat jo daitekeen sinboloa. Arrosa gorria. Baina zerbait gehiago dago, ez dakit zer, beste arrazoiren bat irudia hain deigarri bihurtzeko. Lorea non lortu duen pentsatzean, ziurtzat jo dut aurkitu egin duela nonbaiten. Hau da, nire aurreiritziek agindu didate ez diola inork arrosa hori oparitu. Ez bere aurretik begirada galduarekin doan gizonak ez beste inork. Orduan arrosa horren istorioa imajinatzen saiatu naiz. Lorea norbaitek zakarrera botako zuela pentsatu dut, haserre, mina eragin dionak barkamena eskatu dionean. Eta emakume honek lorea zabor artean ikustean hartu egin duela beretzat.

Batek daki. Batek daki non lortu duen arrosa eta zergatik egin zaidan hain deigarri. Dena den, aurretik aipatu ditudan arrazoien gainetik nik uste badagoela beste bat, indartsuagoa, sinbolikoagoa: Emakumea arrosari begira doala, itsu, aurretik doan gizonak norantz joan behar duten erabakitzen duen bitartean.