Síguenos en redes sociales:

Esperientzia

Esperientzia ez da bizitzan gertatu zaizuna, gertatu zaizun horretatik ikasi duzuna baizik. Aritze, behatze eta erabiltzetik lortzen den ezaguera edo trebetasuna da esperientzia, hiztegiaren arabera. Baina askotan nahasi egiten gara eta gauza asko bizitakoari jartzen diogu esperientziadun labela, jakin barik benetan pertsona horrek ezer ikasi duen gertatu zaion edo egin duen guzti horretatik. Gertatzen zaigun edozeretik lezio bat atera-tzea. Hori ere jarrera kontua da. Eguna bukatze aldera dagoenean, egun horretan jazo dena errepasatu eta geure buruari galdetzea horretatik zer ikasi dugun. Ez da ariketa txarra, batez ere eguneko abiadurak askotan ez digulako aukerarik ematen hausnarketarik egiteko.

Eguneko albisteei begirada botatzean Donald Trumpen aurpegia ikusten dudan bakoitzean neure buruari galdetzen diot halako adina izanda, zer ikasi duen gizon honek gertatu zaion guztitik. Emakumeekin "esperientzia handiko" gizona dela diote egunkariek. Eta kasu honetan argi ikusten dut esperientzia hitzak ezaguerarekin eta jakintzarekin zerikusirik ez duela. Izan ere, emakume askorekin ibilitakoa omen da Trump, edo, hobe esanda, emakume askori eraso dio Trumpek. Askok "olagarroak baino beso luzeagoak" dituela esan dute, haren gehiegikeriak salatzeko orduan.

Emakumeek boterea duen gizonari "edozer egiten" uzten diotela esan zuen Estatu Batuetako presidentegaiak kanpaina honetan ezagutu dugun sekretupeko grabazio batean. Eta hori entzunda, konturatzen naiz kontua ez dela bakarrik gertatu zaizun horretatik ondorioak ateratzea, izan ere, ondorioak ez baitira beti zuzenak, pertsona beraren balioak bezain deformatuak atera-tzen dira gehienetan ondorio horiek. Eta gero horri esperientzia deitzen diote, mundu deformatu honetan.