"Herri honek auto-laguntzarako liburu bat behar du". Goizero entzuten diot esaldi bera nire alboan kafea hartzen duen gizonari. Egunkariko lerro buruak irakurri, hasperen egin, kafeari tragoa eman, eta gero bota-tzen du esaldi famatua. Esaldia entzuten diodan bakoitzean, pentsatzen dut zein kaltegarriak izan diren gizarte honentzat auto-laguntzarako liburu batzuk. Ziur honelako liburu askok onurak ekarri dizkiela irakurri dituztenei, eta agian batzuk zulo beltz batetik irteteko gai izan dira honelako libururen bati esker, baina sentsazioa daukat azken urteetan gorantz joan den era honetako liburuen salmentak berarekin ekarri dutela era honetako liburu txar askoren argitalpena. Eta ziur naiz, liburu horietako askok mesede egin beharrean eragin ezkorren bat izan duela irakurri duenaren inguruan. Argi dago ez zaizkidala auto-laguntzako liburuak gustatzen. Bat irekitzean halako intsentsu usaina aditzen dut, eta burura datorkit apaiz baten sermoia eta gitarra jotzen duen moja baten melodia gogotsua. Eta honekin batera, iruditzen zait hain zentratzen dira gizabanakoan, hauetako liburu askok ahaztu egiten dute beste pertsona batzuekin batera bizi garela. Eta oso ondo dago auto-estimua, auto-baieztapena, auto-zaintza, auto-errukia eta auto pilaketa guzti hori, baina kontuan izan behar da mesede ahula egiten diogula gizarteari eta elkarbizitzari, guzti hori inguruan ditugun pertsonetan proiektatzen ez badugu. Zeren izan dezakegu sekulako auto-estimua, eta aldi berean ingurukoak mespretxatu; asko zaindu dezakegu geure burua eta geure gorputza, eta aldi berean gure kargura dauden pertsonen zaintzaz ahaztu; gure akats guztiak barkatzeko gai izan gaitezke, eta besteenekin guztiz zorrotzak izan. Egia da, garrantzitsua da norberaren burua zaintzea, baina auto-laguntzarako liburu askoren norabidea auto-zilborrera mugatzen da. Eta egia da, zaila dela mundua hobetzea zu barnetik ez bazaude ondo, eta ziur honelako liburu batzuek egiten dutela halako ekarpena, baina aldi berean uste dut ez dugula inolaz gure gizartea hobetuko lana erdizka uzten badugu, hau da, gure zilborrari bakarrik begiratzen badiogu eta besteei "Hor konpon Mari Anton" esaldia bota-tzen badiegu. Nahiz eta sekulako egonkortasun emozionalaz eta kontrol mentalaz egin.