1976. Kas markako botilatxoa ikus dezaket barra gainean, eta haren ondoan hiru edalontzi. Markaren izena gorriz, zirkulu gorri baten barruan, beiraren gainean bertan serigrafiatua. Kas bat eta patata frijitu poltsa bat hiruontzako. Horixe izaten zen domeka goizetako saria. Domeka goizetan bakarrik gertatzen zen zerbait. Izan ere, nire gurasoak ez ziren aberatsak eta gu, seme-alabak, ondorioz, ere ez. Bagenekien eta ez genuen askoz gehiagorik eskatzen. Dirurik ez, baina errealitatearen kontzientzia behintzat bagenuen.
2016. Kafea hartzen ari garela, lagunak esan dit etxean tindatuko duela ilea. Galdetu diot ea zergatik ez doan beti bezala ile-apaindegira. Hilabete honetan ezin duela, semeari PlayStationerako joko bat erosi behar diola eta ez diola ematen hilabete berean bi gauzak egiteko, duen soldatarekin ez zaiola heltzen. Barraren bestaldean dagoen zerbitzariak orduan bota du: "Guraso pobreak eta seme-alaba aberatsak. Nola da posible?".
Laguna eta biok pentsakor gelditu gara eta isilune bat egin da. Zer aldatu da freskagarria hiru edalontzitan banatu behar genuen garai hartatik, etxeko hozkailuan Aquariusak eskuragai ditugun garai honetara? Gauza asko aldatu dira. Batetik, kontsumo mailak gora egin duela, baina, horrez gain, goitik behera aldatu den zerbait da hainbat neska mutilek ez dutela euren errealitatearen erreferentzia. Hilabete bukaerara larri heltzen diren hainbat gurasoren seme-alabak ameskeria hutsa besterik ez den errealitate eroso batean bizi dira. Euren familiaren errealitatearekin bat ez datorren errealitate batean.
"Seme-alabengatik, edozer" leloa baliatuz, ba-tzuek kreditua eskatu dute bankuan umeekin Disneyland Parisera joateko, edo ez dute erosi eurek negurako beharrezkoa zuten beroki hori, haiek azken generazioko gurpildun motxila eduki dezaten. Erreala ez den mundu batean bizi dira hainbat neska-mutil. Aberatsak direla uste dute, aberatsak izan barik. Baina ameskeria hori egunen batean desagertu daiteke. Nagusi direnean eta poltsikoan freskagarri bakarra erosteko adina diru dutela konturatzean, adibidez. Kas bakarra. Eta hiruen artean banatzeko gainera.