Egun batzuetan nahikoa izaten da tanta bat gure pazientziaren edalontziak gainez egiteko. Nahikoa izaten da hitz bat, keinu bat, esaldi bat, gure barruko haserreak eztanda egiteko. Ni sutan jartzen nauen esaldi horietako bat hau da: "Ama, aspertzen naiz". Esaldi hori entzuten dudan bakoitzean, nire bihotzaren erritmoa azkartzen da, eta ezinegona sentitzen dut. Frustrazioa dela uste dut: agian ez diet seme-alabei erakutsi kanpo-estimulurik gabe disfrutatzen (marrazki bizidunak, jostailuak...), agian ez diet ondo azaldu beharrezkoak direla lasaitasun tarteak, ezer ez egitekoak, horrelakoetan geure burua piztu egiten delako eta jarrera pasibotik aktibora pasatzen delako. Ezer ez egiteko tarte horretan zer egin dezakezun pentsa dezakezulako, hortik sortzen delako jakin-mina, ingurura begiratzeko ahalmena, imajinazioa... Aspertzeak mesede egiten dio kreatibitateari. Aspertzea beharrezkoa da. Guzti hori azaldu nahiko nieke seme-alabei, baina nekearen eraginez gauza bakarra esaten diet: "Ba aspertu zaitez, ona da eta".
Nagusiekin ere antzekoa gertatzen da. Taberna batean elkartu, zerbait eskatu, eta sortzen den lehen isilunean, han hasten dira (gara) denok gure sakeletatik telefonoak ateratzen, bakeroek Saloon haietan errebolberra ateratzen zuten moduan. Eta askotan ez da dei bat edo mezu bati erantzuteko, gure Facebook-eko horma edo egunkari digitaletako portadak ikusteko baizik. Hau egitea, baina, aurrekoari "aspertzen naiz" esatea bezalakoa da. Isilune horiek onak dira, agian hortik elkarrizketa mamitsu edo dibertigarri bat sortu daitekeelako, edo ingurura begiratzeko tartea ematen dizulako.
Aste honetan lau gizonen arteko debatea ikusi dut telebistan. Gizon horiek niretzat eta gizarte honetako hainbat pertsonentzat interesgarri eta benetan garrantzitsuak diren gai asko ahaztu edo gutxietsi zituzten. Pena da une horretan ama alboan ez izatea, umea banintz moduan esateko: "Ama, aspertzen naiz". Horren ordez, amaren erantzuna imajinatuz kontsolatu behar izan nuen: "Lasai, aspertu zaitez, aspertzea ona da eta".