Zein garrantzitsuak diren lekuak. Zein garrantzitsua den gauza bakoitzari ematen diogun lekua. Zein esanguratsua non kokatzen garen espazio baten barruan. Zein erabakigarria han edo hemen lekua izatea edo ez. Han edo hemen esertzea. Handik goitik edo hemendik betik hitz egitea. Lekuak gizartearen lehentasunen ispilu dira. Esaten digute zeri ematen zaio garrantzia eta zeri ez. Zeri ematen zaion espazioa eta zeri ez. Landareak hazteko lurra behar duen moduan, espazioek ezinbesteko garrantzia dute pertsonen, hizkuntzen, balioen garapenerako.

Lekuak ez dira objektiboak. Subjektibotasunak eraiki ditu. Eta jarrera bat eragiten dute. Egongela bat telebistari begira diseinatua egin bada, telebista ikusteko pentsatua badago, ondorioz, etxe horretako bizilagunek ziurrenez orduak egingo dituzte telebistari begira, lekuak agintzen dien moduan. Eskolako patio batean futbol zelaiak hartzen badu espazio gehien, horrek txikitatik erakutsiko die neska-mutilei gizarteak kirol horri ematen dion garrantzia eta daukan pisua. Hiri batek museo eta liburutegi asko eta garrantzitsuak baditu, horrek esaten digu herri horretan kulturari berebiziko garrantzia ematen zaiola eta ahalbidetuko edo erraztuko duela behintzat hango hiritarrek kultura maila ona izatea. Liburu denda batek euskarazko liburuak ia ezkutuan baditu, erakusten digu gure hizkuntza eta gure kulturak ez diola batere axola. Herri batek emakumeen etxe bat badauka, horrek esan nahiko du espazio bat eman nahi diola berdintasunari, emakumeen ahalduntzeari, gizartearen orekari. Herri batek euskararen etxe bat badauka, esate digu arnasgune bat eskaini nahi diola gure hizkuntzari, eta abar.

Loreek lurra behar dute hazteko. Pertsonek, hizkuntzek, balioek, eskubideek ere euren lekua behar dute bizirauteko, indartzeko, arnasa hartu ahal izateko. Eta gizarteak une honetan ez badie eskaintzen, asmatu behar dira, eraiki behar dira. Eraiki behar ditugu. Lekuak, zein garrantzitsuak diren. Argi eta garbi esaten digute gizarte batek zeri ematen dion garrantzia eta zeri ez.