Denoi gustatzen zaigu ondo tratatuak izatea. Askoz hobeto sentitzen gara errespetuz agurtzen gaituztenean, irribarre egiten digutenean edo esan nahi duguna entzuteko interesa agertzen dutenean. Gehienetan gainera, ondo tratatuak garela sentitzeak eragin zuzena du guk beste pertsonekin izango dugun jarreran: irribarre egiten badigute, irribarrez erantzungo diegu; edukazioz hitz egiten badigute, errespetua adieraziko diegu; laguntzen badigute, gure esker ona adieraziko dugu.
Baina jendearekin adeitsu izatea giroa hobetzen duen makila magiko moduko bat izan daitekeela dakigun arren, besteek gurekin izango duten jarrera hobetzen duela jakin arren, hala ere, askotan guk aurrekoari zaunka egin eta gurekin atsegina izatea eskatzen diogu. Ez gara kontura-tzen guk mespretxuzko begirada botatzen badiogu norbaiti, honek ez digula irribarre batekin erantzungo. Eta hala ere, askotan hori gertatzea exijitzen diogu.
Hiri bateko biztanle guztiek tratu onen aldeko jarrera aktiboa izango balute, ondorioak ikaragarriak lirateke. Egia da kaletik doan jendearekin adeitsu izateak ez dituela egiturazko arazoak konpontzen; gatazka sozialak, berdintasun ezak, injustiziak, hor egoten jarraituko dute, eta egia da sufritzen dagoenari manera onak izatea eskatzea zaila dela. Baina ez diot kaletik denei irribarre eginez joan behar dugunik, edo besarkadak banatzen, edo edonori gure maitasuna adierazten. Jendearekin adeitsu izateaz ari naiz, besterik ez: lehen agurrean zaunka ez egitea, pertsonei euren azalpenak emateko aukera ematea, begietara begiratzea hitz egiten digutenean, interes apur bat agertzea norbait gerturatzen zaigunean, mesedez-barkatu-eskerrik asko hitzak erabiltzea...
Tratu ona gizarteko harremanen makina busti-tzen dituen olioa da. Eta motorra ongi olioztatuko bagenu bizitzeko askoz egokiagoak izango lirateke gure herriko plazak, bulegoak, tabernak edota sukaldeak. Kontuan izango bagenu, eragin dezakeena irudikatuko bagenu, ziur naiz gehienak egunero makinari olio tanta batzuk bota-tzeko prest egongo ginatekeela.