Hodei artean
Gaixorik egoteagatik eskolara joan gabe etxean igarotako egunak. Samurtasunez gogoratzen ditut. Sukarra izan arren, edo eguna eztulka eta doministikuka igaro arren, egun haiek bake irlak dira nire oroitzapenean, espazio zuri eta bigunak, hodei artean igaro izan banitu bezala.
Halakoetan, etxearen goizeko soinua deskubritzen nuen, zerikusirik ez zuena arratsaldeko iskanbilarekin, eta are gutxiago goizean zehar ikastolan inguratzen ninduten neska mutilen oihu eta algarekin. Horien ordez, aditzen nituen koilarak lapikoaren kontra, sardeska arrautzak irabiatzen, plateren arteko talka... Ez zegoen neben zaratarik, ezta aita eta amaren arteko elkarrizketarik. Etxeko tresnen soinua eta nire amaren pausuen hotsa bakarrik. Ama eta neu, biak bakarrik geunden: Ni ohean, bera lan ta lan.
Gogoratzen dut ohera ekartzen zidala laranja ura, eta batzuetan baita irratia ere. Transistorea burkoaren alboan jarri eta gertu gertutik entzuten nituen entzuleen abesti eskaerak, ematen zituzten errezetak, iragarkiak... Ondo gogoratzen dut ama pijama eta izara garbiekin zetorren unea, ohea egiten zuen bitartean aditzen zen garbi usain hura, amaren eskuak beheko izara leuntzen...
Samurtasunez gogoratzen ditut egun berezi haiek, une batez mundua gelditzen zela sentitzen nuelako, bizitzari beste leku batetik begiratzeko aukera ematen zidatelako, baina batez ere, bereziki zaindua sentitzen nintzelako. Batzuetan halako egun bat errekuperatzeko gogoa izaten dut. Baina ez nuke nahi pertsonak zaintzea beste aukerarik izan ez duen eta hainbeste gauzei uko egin behar izan duen norbaiten kontura izatea.
Pertsona guztiek merezi dugu zainduak izatea, bereziki zaintza lanak egiten dituzten horiek, eta, horrekin batera, ezin dugu ahaztu pertsona guztiek dugula bai geure burua eta bai besteak zaintzeko ardura, beste garai batean gaixotasuna hodei arteko bidea bihurtzeko ahalmena zuten emakume haiek egin zuten bezala.