Inauteriak
Oihanak mutilen modukoa izan nahi du. Mozorroak saltzen dituzten denda batera joan eta nahi duen moduko mozorroa erosteko aukera izan nahi du: super heroia, medikua, Spiderman, sukaldaria, pailazoa, Obelix, gangsterra, margolaria... Nahi duen mozorroa aukeratu eta egun batez, beste pertsona bat dela imajinatuz, lagunekin barre batzuk egitea. Ez du asko eskatzen.
Oihanari nahi duen mozorroa erosteko aukera baduela esan dio norbaitek, bera ere nahi izanez gero, jantzi daitekeela Superwomanen modura, edo pirata baten antzera. Baina ez. Oihana denda batera doanean, ikusten du mutilentzako eskaintzen duten mediku mozorroaren alboan, berari eskaintzen diotela erizain sexy eta probokatzailearena; marradun prakak dituen mutilen pirata mozorroaren alboan, berari minigonadun pirata erakargarriaren mozorroa eskaintzen diotela; mutilen deabru mozorroaren alboan, han dagoela neskentzako bizkarra eta paparra bistan uzten duen deabruarena; eta mutilen Supermanen jantzi estandarraren alboan, Superwomanenak bistan uzten duela zilborra.
Gaur egun dendetan aurkitu ditzakezun Inauterietako mozorroek indartu baino ez dute egiten gure gizartean nagusi den ideia bat: gizonak izan daitezke nahi dutena, eta emakumeak, beste gauza guztien gainetik, besteentzako figura sexualki erakargarriak. Pottokien sindromea indartu egiten da Inauterietan. Mutilak pottoki bromazalea, ameslaria, poeta, sukaldaria edo gozozalea izan daitezke. Baina neskak pottoki neska dira, bakarra, eta bere ezaugarri nagusiena desioen objektu izatea da.
Oihanak berez ez du mutilen modukoa izan nahi, inoiz esan duen bezala. Oihanak eska-tzen du nahi duen modura mozorrotzeko askatasuna izatea, hotzaren hotzez gaixotu gabe. Eta norbaitek uste badu Oihanak ez duela haserretzeko nahiko arrazoirik bilatu dezala Google-en "Supermanen mozorroa", eta ondoren "superwomanen mozorroa". Eta egin ditzala konparaketak.