GPS
Aste honetan Bilbotik autoz irteten galdu egin naiz. Ez dakit nola gertatu zaidan, askotan irten naiz arazorik gabe, baina oraingoan ezagutzen ez nuen inguru batean nengoen, eta GPSa erabiltzea erabaki nuen. Eta hain justu horregatik galdu nintzen. Minutu gutxi ba-tzuk izan ziren galduta ibili nintzena, baina nahikoa beste Bilbo bat ezagutzeko. Auzo ezezagun bateko kale estuetatik ibili nintzen, eta han ez zegoen Gran Via-ko atari handi eta bikainik. Han butano bonbonak zeuden balkoietan, eta gortinarik gabeko leihoak. Bilboren irudi ezberdin batekin bueltatu nintzen etxera. Ikusteko begiratu beharra dagoela pentsatu nuen. Dena, bere osotasunean, begiratu.
Pertsona bakoitzak bere gizartearen irudi bat dauka, eta hau eraiki du kontuan izanda egunero ikusten dituen kaleak, giroak, pertsonak. Baina bakoitzaren burbuila horretatik kanpo mundu gehiago daude. Eta hauek ikusteko, lehenik eta behin begiratu behar da.
Aste honetan nire hiriko beste hainbat pertsonekin batera Gasteiz Irekia ekimenak antolatutako ekitaldi batean parte hartu dut. Pertsona migratu eta errefuxiatuen eskubideen aldeko ekimen honek Gasteiz solidario bat eraikitzen lagundu nahi du. Ekitaldian hizlari batek euren herrietatik atera behar izan duten pertsonen egoera larriaz hitz egiten zuen bitartean, jendartean zegoen emakume marokoar bat ikusi nuen zapi batekin malkoak sikatzen.
Begiratu egin behar da ikusteko, eta inguruan ditugun beste pertsona batzuk bizi dutena senti-tzeko. Burbuila apurtu eta begiratu. Gogoratzeko, adibidez, gaur hauteskunde kanpainaren azken eguna izateaz gain, Pertsona Migratu eta Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna ere badela.
Igandean hauteskundeetako emaitzei buruz hitz egingo dugu. Nik gauza bat eskatuko nieke gobernatzeko ardura izango dutenei. Erabakiak hartu baino lehen, begiratu diezaiotela gizarteari bere osotasunean. Eta horretarako ez du balio GPSak, horretarako kalera irten eta begiratu egin behar da. Begiratu, ikusteko.