Síguenos en redes sociales:

Deskonexioa

Garraiolariak Biriatuko mugan, auto ilaran, zain. Kazetariak galdetu die Parisko atentatuen ondoren jarri dituzten polizien kontrolek kalte handia eragiten dien euren egunerokoan. Denek onartu dute baietz, baina ez dira haserre ageri, halako etsipen sentimendu bat nabari zaie, halako onarpen bat euren jarrera biguntzen duena, kontrolak jartzea ulergarritzat jotzen dutela erakusten duena. "Bai, kalte egiten digute -esan du mikrofonoaren aurrean batek- baina segurtasuna behar da, hori da inportanteena". Segurtasuna guztiaren gainetik. Maxima hori beldurraren emaitza da. Ez dago tresna eraginkorragorik beldurra baino edonolako askatasun eta eskubide murrizketa onartzeko, ez dago dudarik. Ez dago tresna eraginkorragorik bestelakoetan hiritarren haserrea eragingo zuena, ia oharkabean pasatzeko.

Parisko atentatu larrien ondoren, Frantziak Raqqa bonbardatu du. Gerra gerrarekin konponduko balitz bezala. Frantziak badaki gerra ez dela gerra gehiagorekin konpontzen, baina Frantziako Gobernuak mezu bat bidali nahi izan die atentatua eragin dutenei baino gehiago, Frantziako herritarrei. Euren herritarrei esan nahi die mendekua hartuko duela Parisen hildakoengatik, eta honekin batera, etsaia bonbardatuz gero, seguruago biziko direla.

Eta hiritarrek, Biriatun auto ilaran zain dauden garraiolariek bezala, etsipen sentimendu bat erakutsiko dute bonbardaketaren aurrean. Ez, ez daude gerraren alde; ez daude jendea hiltzearen alde; baina, "segurtasuna behar da, hori da inportanteena". Bonbardaketek hildakoak eragiten dituzte, baina horiek ere alboko-kalteak dira. "Gure onerako" dira.

Frantzian bakarrik ez, beste herrialdeetan ere errefuxiatuen kontrako kanpaina hasi da. Eta hemen ere beldurrak irabazten du. Beldurrak gizaki moduan ditugun sentimenduetatik deskonektatu egiten gaitu, eta zein erraza den segurtasuna eta beldurra lehengaiekin jendea giza eskubideen defentsatik deskonektatzea baita ere. Dena dago ondo, dena da onargarri, gu salbu gauden bitartean.