Síguenos en redes sociales:

Zintzoak

Beti pentsatu izan dut zintzotasuna neurriz kanpo baloratua dagoela. Ez nabil pertsona baten jarrera zintzoaz hitz egiten ari, burutik pasatzen zaigun guztia filtro barik esateari buruz ari naiz. Jende askok zin-tzotasun gaizki ulertu baten azpian justifika-tzen ditu zenbait komentario deseroso edo norbaitentzat iraingarriak izan daitezkeen hitzak. Egun batzuetan lepotik kartel bat jartzeko gogoa ematen du: "Ez dut zure zintzotasunik behar".

Duela gutxi kalean gizon bat entzun nuen beste bati esaten: "Ile barik ez zaitut ezagutu, aspaldiko! Eta kilo batzuk loditu zara, ezta?" Beti pentsatzen duguna adierazteak ez gaitu pertsona hobeak egiten. Pertsonen arteko elkarbizitza eta elkar ulertzea sustatzea eta laguntzea baldin bada gure helburua, zintzotasuna pixka bat domestikatu beharra dago edukazio, enpatia eta batzuetan erruki pixka batekin baita ere.

Koherentziarekin antzeko zerbait gertatzen da. Zintzotasuna eta koherentzia hitzak ez dira beti behar bezala ulertzen. Koherentea izatea ez da beti gauza bera pentsatzea. Gizakiok izango dugu bada eboluzionatzeko eskubidea eta gure bizitzaren etapa ezberdinetan pentsamendu ezberdinak izatekoa, ezta? Koherentzia ez da inmobilismoa, ez da harrizko estatua baten antzeko gogortasuna izatea. Ruper Ordorikak bere kontzertuetan maiz aipatzen duen bezala, zaila da fondo irregular baten gainean marra zuzena marraztea, eta gure bidea irregularra da, naturala baita inkoherentzia dosi batzuk izatea. Ez gara fotokopiak ateratzen dituzten makina horiek bezalakoak, eta kontraesanak gure eguneroko ogia dira.

Nik, egia esan, nire inguruan daudenei ez diet eskatzen nirekin modu zorrotz batean zintzoak eta koherenteak izan daitezen. Nik, zerbait eskatzekotan, eskatuko nieke euren buruekin izan daitezela zintzoak, eta eman diezaiotela euren buruari baimena zenbait kontraesan onartzeko. Horrela, errazago onartuko baitituzte baita ere nireak.