Síguenos en redes sociales:

Ni eta gu

Zerk haserretzen nauen galdetu zidaten aurrekoan. Zerk jartzen nauen sutan. Justizia ezak erantzutea pentsatu nuen baina gero Miss lehiaketetan egiten dituzten galdera txotxolo horietako bat erantzuten nengoela iruditu zitzaidan, badakizue, zer da gehien desiatzen duzuna, pakea munduan eta abar... (Bide batez esanda, galdera ganorabakoak egiten dituztenei egin beharko genieke burla eta ez oholtza gainean dauden neskei).

Beraz ez nuen justizia eza erantzun, eta asko haserretzen nauen egoera bat azaldu nuen: munduan bakarrik bizi direla uste duten pertsonen jarrerak ematen dit amorrua. Munduan jende asko eta diferentea bizi garela ulertzen ez duten pertsonak jartzen naute sutan. Batek egiten duena besteengan eragina duela kontuan hartzen ez dutenak, pertsonen izaera kolektiboa zer den usaindu ere egiten ez dutenak. Mundua ni hitzarekin ulertzen dutenak bakarrik, eta inoiz ez gu hitzarekin.

Kale estuaren erdian zabal-zabal geratzen direnak berba egitera, jendea handik igaro-tzeko oztopo direla pentsatu gabe; metroan, autobusean, telefonoz ozen hitz egiten dutenak, albokoa liburu bat irakurtzen saiatzen dagoela pentsatu gabe; txakurraren kaka espaloian uzten dutenak; ingurugiroari gaur kalte egiteak hurrengo belaunaldiarentzat uzten duen herentzian pentsatzen ez dutenak; gizartean laguntza behar dutenei erreparatu ere egiten ez dietenak...

Ez gara bakarrik bizi. Beste pertsona batzuez inguratuta bizi gara, eta denok batera, nahi eta nahi ez, zerbait osatzen dugu, gizarte bat. Gizabanakoak gara, bakarrik jaio ginen eta bakarrik hilko gara, baina gure buru bakarti honen gainetik badago beste zerbait. Eta gizartea osatzen dugunon ahotsa entzunaraztea nahi badugu, erabakiak hartzeko aukera izan nahi badugu, indarrak batzea da bidea. Zu eta ni mundu berean bizi garela kontura-tzea da lehen pausoa. Herri berean. Eta benetan nahi izanez gero, herri libre batean.