Taktika
Oso zorrotz hasi nintzen. Ez, nire umeek debekatuta izango zuten estereotipo sexistak indartzen dituzten Disney Channeleko eta halako telesailak ikustea. Ez zuten halakorik ikusiko inolaz ere ez. Nire alabari ez nion erosiko printzesa mozorroa, ez nuen maitasun erromantiko, pasibo eta bahitzaile baten biktima bihurtuko neskatoa. Eta abar.
Borroka latza izan da. Olatu bat gelditu nahian bezala sentitu naiz. Eta gaur ikusten dut olatua nire gainetik pasatu dela eta inguruan dudan guztia busti duela. Indartsuegia da haren indarra.
Aste honetan, telebista ikusten geundela, alabari esan diot oker dabiltzala telebistakoak, ez daudela neskentzako edo mutilentzako bakarrik diren jostailuak. Alabak estralurtar bati bezala begiratu dit. Non bizi zara, ama?, galdetu dit begiradarekin. Orduan konturatu naiz. Egia. Ez da telebista oker dabilena: neu naiz errealitatearen aurrean begiak itxita dagoena. Ezin diet sinestarazi egia ez dena: gaur egun, inoiz baino gehiago, mutilentzako bakarrik eta neskentzako bakarrik diren jostailuak, gailetak, edariak, motxilak, ipuinak daude.
Beraz, estrategia aldatzea erabaki dut. Taktika berri bat saiatu behar dut ahaleginean nire indar guztiak galdu baino lehen. Futbolean bezala 1-4-4-2 estrategia erabili beharrean, 1-4-5-1 erabiliko dut, hau da, aurrelari bat atzeratuko dut erdialdera. Ez da atzera pauso bat, kontraerasorako prest egotea baizik. Ez dut beraz, indarrik galduko telesailak edo mozorroak debekatzen. Ikusten utziko diet, janzten utziko diet, baina han izango naiz, euren alboan, futbol zelaiko erdialdean presente. Eta azalduko diet zer den niretzat onartezina. Saiatuko naiz haiengan jarrera kritiko bat sortarazten. Egon daitezela nirekin hantxe, zelaiaren erdialdean, jasotzen duten informazioa bereizten, sexismoa, kontsumismoa eta beste hainbat "ismo" detektatzen. Agian egunen batean baloia hartu eta kontraeraso azkar bat egingo dute. Gola ospatzeko irrikan nago.