Síguenos en redes sociales:

Eltxoa

Askotan pentsatzen dugu oso txikiak garela mundua aldatu ahal izateko. Zenbat alditan adierazten dugun gu mundu justuago baten aldekoak garela, aberastasuna hobeto banatzen duen mundu baten aldekoak, edo sexuen berdintasunaren aldekoak, besteak beste, eta zenbat aldiz bukatzen dugun esaldia esanez oso txikiak garela gizartean ezberdintasunak eta injustiziak duten indarrarekin konparatuta, eta zerbait egin nahi izanda ere, oso gauza gutxi egin dezakegula haien aurrean. Atzo esaera afrikar bat entzun nuen, txikiak izan dezakeen indarra agerian uzten duena: Zerbait aldatzeko txikiegia zarela uste baduzu, saiatu zaitez gau batez eltxo batekin lo egiten logela berean.

Askotan pentsatzen dugu txikiegiak garela. Ez zaigu banakakoei bakarrik gertatzen, elkarteei, hiritar taldeei, sindikatuei... Ez da harritzekoa batzuetan ahul sentitzea, ahalmenik gabe, gero eta globalizatuagoa den eta esku gutxiagotan dagoen mundu honi erreparatuz gero. Baina ez da beti horrela. Eta hain justu horrela ez pentsatzeak, edo hori pentsatu gabe ekiteak ematen die indarra hiritar taldeei, elkarteei, edota gobernuz kanpoko erakundeei. Euren ahalmenean sinesteak ematen die benetako indarra eta gauzak aldatzeko ahalmena.

Duela gutxi txikia denak indar asko hartu dezakeela erakutsi digute Estatu Espainiarrean sistemaren kontra jaiki diren hiritar mugimenduek, ikusi besterik ez dago azken hauteskundeetako emaitzek marraztu duten panorama berria. Baina herri honetan aurretiko adibide asko ditugu. Herri mugimenduek, gizartetik sortutako taldeek, askotan baldintza oso kaskarretan lan egin behar izan badute ere, agenda politikoetan eragina izatea posible dela erakutsi digute argi eta garbi urtetan zehar. Elkarte hauek eltxoaren lana egin dute askotan, boterea ohetik jaiki eta zerbait egitera behartuz. Eltxoen burrunba en-tzuten duen gizartea beti izango da biziago eta justuagoa, eta beti izango du itxaropentsu izateko arrazoi gehiago.