Lo hartu ezinik
Nire semea lo hartu ezinik dabil ohean. Zer gertatzen zaion galdetu diot eta erantzun dit mundua ez dela batere justua. Zortzi urteko ume batek zergatik pentsa dezakeen hori galdetuta, erantzun dit mundua ez dela batere justua berak ezin izan duelako bere aitona ezagutu, bere aitonetako bat, nire aita. Bihotza ukabil batean sartuta geratu zait, zer esan jakin ezinik. Esan diot bizitzan ez dela dena guk nahi bezala gertatzen eta jendeak injustizia asko bizi dituela. Esan diot ere garran-tzitsua dela justua ez den egoera baten aurrean bere buruari galdetzea hori aldatzeko zerbait egin ahal duen, eta hala bada, saiatzeko bere indar guztiekin, baina ez duela merezi indarra galtzea norberak aldatu ezin ditzakeen gauzetan. Eta bere aitona ezagutu ez izana pena handia da, baina aldatu ezin daitekeen egoera bat da.
Lokartu da azkenean, baina gero neu izan naiz loa galdu duena. Ohean etzanda gauza asko pentsatu ditut: imajinatu dut nire aitaren emozioa ezagutzera heldu ez zen ilobaren hitzak entzunez, baina horrez gain, pentsatu dut justizia hitzak zelako indarra hartzen duen ume baten ahotan, nagusien artean erabiliaren erabiliaz zentzua galdu badu ere. Eta pentsatu dut umeari hitz egiten nion bitartean neure buruari ere hitz egiten niola, neuk ere ikasi behar baitut indar guztiak jartzen aldatu nahi ditudan gauzetan, hainbeste arduratu gabe aldatu ezin ditudan gauzengatik.
Eta une horretan pentsatu dut gauza asko aldatu nahiko nituzkeela nire hirian, adibidez. Hiri justuago bat nahiko nuke, Gasteiz koloretsuago bat, hiri ireki bat, pertsonei begiratzen dien hiri bat, eta ez hainbeste egunkarietako titularrei eta Guiness errekorrei. Nire buruari galdetu diot zerbait egin ahal dudan hala izateko, eta baietz pentsatu dut. Besteak beste, igande honetan aukera izango dut Gasteiz eta Arabako agintariak aldatzeko. Benetan uste dut beste zerbait merezi dugula. Badaude gauza asko ezin ditugunak aldatu, baina beste gauza batzuk gure esku daude.