Síguenos en redes sociales:

Txiklea

Praketan itsatsita geratu zaizun txiklea gainetik kentzen saiatzea baino zailagoa da. Eguneroko bizitzan, egunero ikusten ditugun irudietan eta entzuten ditugun elkarrizketetan dagoen sexismoa errotik ezabatzea lan zaila eta neketsua da. Eta horrez gain, besteengandik aldendu zaitzakeen jarrera da, izan ere, sexismoa salatzen duzun bakoi-tzean ohikoa da "ez zaitez paranoikoa izan" erantzuna jasotzea. Zure alaba gonbidatu duten urtebetetze festa ikuskizun sexista bihurtu dutela salatuz gero, ama eta aitaren batek erantzungo dizu lasai egoteko, ez zaitezela paranoikoa izan, umeak baino ez direla; edo emakume izateagatik sarrera ordaindu behar ez duzun diskotekara ez zoazela esanez gero, diskotekako beste apaingarri bat bezala tratatua sentitzen zarelako, lasaitzeko eskatuko dizute lagunek, jai giroan zaudetela gogoratuz; edo odola irakiten jartzen bazaizu jatetxeko alboko mahaiko elkarrizketan emakume bat enpresan mailaz igotzearen arrazoia nagusiaren bulegora egindako bisita susmagarrietan egon daitekeela aipatu dutenean, bazkaria kontrako eztarritik joango zaizula ohartaraziko dizu zure lagunak, eta lasai hartzeko gomendatuko dizu.

Ba ez dut lasaitzeko asmorik. Ez dut malgu izan nahi honetan, ez dut dena onartzen duen txandal baten malgutasunik eduki nahi. Ez ditut ontzat eman behar neska nerabe bat ipurdia bistan eramatera bultzatzen dituzten modak, edo nobioa ez haserretzeagatik lagunekin gauez irteteari uko egiten dion neskaren jarrera, edo marrazki bizidunetan ama histerikoaren edo printzearen zain bizi den neska gazte lirainaren paperean agertzea beti emakumea. Badakit norbaitek lasaitzeko eskatuko didala orain ere, ez izateko paranoikoa, baina behin txiklea praketan itsatsita daukazula ikusiz gero, oso zaila da hor daukazula ahaztea eta zailago gainetik kentzea. Izotzarekin igurztea ona omen da. Txiklea gogortu egiten da eta errazago kentzen omen da. Saiatuko naiz.