Síguenos en redes sociales:

Arbolak loretan

Nire hiriko arbolei buruz idatzi nahi nuen. Egunotan haien adarrek erakusten dituzten lore arrosa, zuri eta lila kolorekoei buruz. Eskaintzen duten ikuskizunak haien aurrean une batez gelditzea eskatzen dit, laster desagertuko direla jakinda, arretaz begiratu eta irudi eder hori nire buruan gorde ahal izateko. Arbolek noiz loratu behar duten jakitea miraria iruditzen zaidala idatzi nahi nuen, eta harrigarria dela denek batera egitea, gris koloreko espaloiei euren indarra erakutsiz. Idatzi nahi nuen ez dudala ulertzen nola batzuk ez diren konturatzen ere mirari honetaz, arbolen albotik ezer gertatuko ez balitz bezala igaroz. Guzti horretaz idatzi nahi nuen baina kosta egiten zait.

Udaberriaz idatzi nahi nuen, zelan astintzen gaituen, zelan pizten dituen gure barnean hainbeste hilabetez hibernatzen egon diren amets eta desirak. Zelan eskatzen digun sakonago hartzea arnasa eta nola sentiarazten gaituen nerabe kurtso amaierako jaian. Horretaz ere idatzi nahi nuen, baina kosta egiten zait, zerbaitek ez dit uzten eta.

Irudi bat da, nire ordenagailuaren pantailan ikusi dut. Arraza beltzeko neskatila bat da, lau edo bost urte izango ditu. Parpailadun gona bat darama, eta haren azpialdean leggings batzuk. Ez dago eskola bateko jolastokian, ez dago lagunekin barrezka, ez da udaberriaz ohartzen: buruz behera dago itsasoko ur gainean kulunka.

Mareak hara eta hona daraman gorpu bat da. Egunotan Mediterraneoan hil diren etorkinetako bat da, gose, miseria eta gerratik ihesi, bizirauteko ahaleginean bidean gelditu dena. Neskatilaren irudiarekin batera, ahots bat gelditu zait iltzatuta buruan egunotan: Gustave Kiansumbarena, Kongoko gerratik ihesi Euskal Herrira etorritako gazte batena. Radio Euskadin entzun dut. Kongon hilketa, bortxaketa eta hainbat sarraskiren lekuko izan ondoren, gurera heltzea lortu zuen. Europa ez da espero genuen paradisua. Hala esan du.

Gaur loretan dauden arbolei buruz idatzi nahi nuen, baina kosta egiten zait.