Betaurrekoak
Betaurrekoak erosi ditut aste honetan. Nire lehen betaurrekoak. Liburuetako orrialdetan inurritxoen ilarak baino ez nituen ikusten aspaldi, eta behar nituen bai, begietako lupak. Pastazko betaurreko urdin berriak jantzi ditudanean sekulakoa izan da sentsazioa. Bat batean, lainoa desagertu da, hitzak loditu egin dira, hemen gaude esan didate ozen, objektu desiragarri bihurtu dira nire begientzat. Betaurrekoekin irakurtzen dudanetik jada ez ditut hitzak ikusten, betaurrekoek harago joatea baimentzen didate, eta irudiak ikusten ditut, hitz horiek nire buruan sortzen dituztenak. Inoiz baino garbiago.
Egunkaria irakurtzeko ere betaurrekoak jantzi ditut eta hasieran pentsatu dut ez duela merezi, albiste beltzak baino nahiago baititut inurrien ilaratxoak, baina hasperen egin eta irakurtzen hasi naiz azkenean. Orduan ikustearen garrantziaz pentsatu dut. Ikustea eta begiratzearen garrantziaz. Ikustea begiratzearen bitartez egiten dela, eta zeri begiratu, hura ikusten dugula. Eta azkenean, ikusten duguna bakarrik existitzen dela gure begientzat.
Juego de tronos-en kapituluak oparitu omen dizkio Pablo Iglesiasek Felipe VI.ari, eta oparia egin dion unearen argazkia edonon ikusi dugu. Tabernan kafea hartu bitartean horretaz aritu dira nire alboan bi gizon. Ez dira konturatu, ez dute ikusi, egunkariak jasotzen zuela baita ere, hor nonbait, leku ezkutuago batean, Mediterraneo itsasoan itotako laurehun etorkinei buruzko notizia. Eta betaurrekoen garrantziaz pentsatu dut, zein garrantzitsua den betaurrekoak ondo aukeratzea. Garrantzizko gauzei begiratzen dieten betaurrekoak. Ikusten dutenak, adibidez, gure gizartean laguntza sozialek funtzio garrantzitsu bat betetzen dutela, eta ez daudenak mesfidati begira laguntza hauek jasotzen dutenei. Bide batez, mundua kolore ezberdinez osatua dagoela ikusten dituzten betaurrekoak nahiko nituzke. Bihar, Gora Gasteiz plataformak antolatutako egunean hainbat pertsonek jantziko ditugunak.