Bekatutxoa
Aspaldi igaro zen zuretzat gauza debekatuak egiteko garaia. Gaur alaba eta seme nerabeak dituzu eta orain beraiek dira gauza debekatuak egiteko tenorean daudenak eta zu arauetatik harantzago doan ezer egin ez dezaten behin eta berriro errepikatzen dien ama aspergarria bihurtu zara. Jakingo balute, euren adinean egiten zenituenak... Ia zuk ere ez duzu gogoratzen garai batean zeu ere ibiltzen zinela gauza debekatuen lurralde erakargarrian, gurasoek agindutakoari jaramonik egin gabe. Lagun baten etxean egingo zenutela lo, hala esaten zenien, eta gero gau guztia igaro-tzen zenuten taberna zuloren baten sartuta. Urtetan izan zinen erretzailea etxekoek jakin gabe, edo hala uste duzu zuk behintzat. Etxera sartu baino lehen atariko buzoien artean gera-tzen zen tarte batean ezkutatzen zenuen tabako paketea. Gero erretzen jarraitu zenuen urtetan, lehen haurdunaldian erretzeari utzi zenion arte.
Zure alabak hamazazpi urte bete ditu. Eta badakizu erretzen duela. Dutxa hartzen duen bitartean haren poltsa erregistratzeko ohitura hartu zenuen duela urtebete, eta duela hilabete batzuk aurkitu zenion Chesterfield pakete bat bertan. Ez zenion ezer esan. Ez zenion ohartarazi zigarro haiek kalte izugarria egiten ziotela bere osasunari, bere gorputz gazteari. Aldiz, paketea eskuetan hartu, usaindu eta irribarre maltzur bat marraztu zitzaizun ezpainetan. Bai, zergatik ez, esan zenion zeure buruari, eta pakete hartako zigarro bat lapurtu zenion alabari. Gero sukaldetik pasa eta han aspaldi gordetzen zenuen pizgailua hartu zenuen.
Txakurra ateratzera atera zinen parkera, eta hango bazter batean, arbola handi baten atzean ezkutatuta, zigarroa atera, piztu, eta zupada sakon bat eman zenion. Begiak piztu zi-tzaizkizun, urduritasuna gorputz osotik zabaldu zitzaizun. Zirrara berezi bat sentitu zenuen.
Ordutik, egunero lapurtzen diozu alabari zigarroa, eta ezkutuan erretzen duzu, bekatutxoek eragiten duten ziztada gozoa sentitzeko berriz ere.