Minutu berean
Beti iruditu zait izugarria pentsatzea munduan gertatzen diren gauzak, edo hobeto esanda, munduan gertatzen diren ezbeharrak, jende gehienak eguneroko gauza normalak egiten dituen bitartean gertatzen direla. Oilo ipurdia jartzen zait pentsatzean, adibidez, ni goizean ohea egiten nagoen bitartean norbait egon daitekeela beste nonbaiten hamargarren pisu bateko leihotik salto egiteko prest; edo lotara sartu aurretik haginak garbitzen nagoen bitartean emakume bat bortxatzen ari direla kalean, edo bere etxeko ohean; edo autobusera igotzen nagoen bitartean, norbait torturatzen ari direla ziega ilun batean; edo nik umeak eskolan uzten ditudanean, segundo horretan bertan, ume bat hiltzen ari dela gosez munduko bazterren batean.
Bartzelonatik Dusseldorfera zihoan abioaren berriak irakurtzean berriz etorri zait burura pentsamendu hori. Zortzi minutuz egon omen zen abioia jausten lurraren kontra jo baino lehen. Eta ezinbestean pentsatu dut zer egiten ari nintzen ni minutu horietan. Aditu baten hitzaldia entzuten nengoen, hizlariaren hitzak apuntatzen nengoen zortzi minutu horietan. Eta une horretan 150 bizitza desegiten, hiltzen, desagertzen. Une horretan bertan. Nik koadernoan hitz batzuk apuntatzen nituen momentu berean. Munduan gertatzen diren ezbeharrak gu mundu honetan bizitzen ari garen une berean gertatzen direla ahazten zaigu batzuetan. Ezbeharra gugandik fisikoki urrun dagoen leku batean gertatzen denean, beste garai batean gertatzen ari balitz bezala sentitzen dugu. Baina denbora tarte berean ari gara bizitzen, eta Sirian gertatzen diren sarraskiak guk erosketak egin bitartean gertatzen dira; eta Filipinetan turista gizonak umeekin sexua izaten ari diren une berean, gu arropa zikina garbigailuan sartzen gaude, edo txiste bat bidaltzen whatsapparen bidez lagunari, edo umeei orrazi estua pasatzen gelan zorriak daudela ohartarazi digutelako ikastolatik. Dena minutu berean, mundu berean.