Begietara begira
Begietara begira zailagoa da gezurrak esatea. Jendeari begietara begiratzeak biluzik uzten zaitu, zure harrizko etxe itxira sartzeko baimena ematen duten leiho irekiak bihurtzen dira begiak. Begiratu ingurura: jende gehienak ez dio elkarri begietara begiratzen. Segundo batez bai, aurrekoa nora begira dagoen egiaztatzeko, baina gutxi batzuk manten-tzen dute begirada. Esaten dutenez, komunikazio on batek gutxienez hiru segundoko begirada zuzena behar du, begietara. Ez da erraza, begiek nahi gabe bezala ihes egiten digute, lotsagatik, beldurragatik, gure barnea babesteko izan dezakegun preben-tzioagatik. Egunotan froga egin dut. Hitz egiten diedan guztiei gutxienez hiru segundoz begiratu diet jarraian begietara. Gutxi ematen du horrela esanda, baina norbaiten begirada aurrean duzunean, segundoak geldo doaz. Ez dakit beraiek zerbait ezberdin nabaritu duten, baina nik bai. Jendeari begietara begiratzeko saiakera eginez, ikusi egin ditut. Aurretik beraien irudia segundo erdian ikusitakoa eta burua behera edo beste leku batera eramatean imajinatutakoaren nahasketa baten ondorioz sortzen nuen. Orain hobeto ikusten ditut haien keinuak eta haiek eta haien jarrerak ulertzeko toki hobeagoan kokatuta nagoela sentitzen dut.
Begietara begiratzea ez da bakarrik pertsonen arteko zuzeneko komunikazioan praktikan jarri daitekeen zerbait, munduari begiratzeko modu bat ere bada, eta jarrera bat edozein une, egoera eta modutan erabili daitekeena. Horregatik, eskatzen hasita, nik aukeran nahiago jendearen begietara begiratzeko jarreraz idazten duten idazleak, erakusten duten irakasleak, erabakitzen eta negoziatzen duten politikariak, laztantzen duten maitaleak, zerbeza bat ordaintzen dizuten lagunak, artatzen zaituzten medikuak Begietara begira, dena da ezberdin. Benetako bihurtzen da. Egizu froga.