Sunday drivers
Sunday drivers. Horrela deitzen die nire lagun batek kotxea igandetan bakarrik hartzen dutenei. Honelako bat aurki-tzen duenean, honelako batek bidea ixten dionean, edo bat bateko balaztada egiten duenean errepidearen albo batean dagoen zerbait begiratzeko, edo keinukaririk erabili gabe errepidea gurutzatzen duenean, nire lagunak esaten du: begira, hortxe sunday driver bat. Ez dio garrasirik egiten, ez du iraintzen, ez dio keinu zakarrik egiten. Sunday driver deitzen dio, besterik ez, eta barre egiten du.
Sekulako inbidia diot. Ikaragarria iruditzen zait nire lagunak gauzak lasaitasunez hartzeko duen ahalmena, eta beste batzuk urduritzen dituen egoera baten aurrean barre egiteko duen joera. Haren ironia gustatzen zait. Dena umorez zipristintzen dakiten pertsonen maila eta nagusitasun hori erakusten du.
Eta bitan pentsatuta, konturatu naiz ez diodala inbidia bakarrik nire lagunari, berak sunday drivers bezala bataiatu dituen horiei ere inbidia diet. Gure gizarteak azken hamarkadetan hartu duen abiadura supersonikotik at daudela ematen duelako, urrun daudela hara eta hona heltzeko sentitzen dugun angustia eta inpazientziatik. Gidatzera irteten direlako nora doazen jakin gabe, bideaz eta gidatzeaz gozatzeko helburuarekin besterik ez.
Eta ondo dago noizbehinka ariketa hori egitea. Nora zoazen oso garbi jakin gabe, ingurura begiratzen joatea. Gustatzen zait planik gabeko igandearen ideia: autoa hartu, edo bizikleta, edo oinez aurrera egitea, bideak eramaten zaituen lekura.
Sunday drivers hauen filosofiaren puska bat nahiko nuke niretzat. Astean zehar igandezaleen dosi batzuk nireak egitea, eta ingurura begira bizitzea, dena lehenengo aldiz ikusten duenaren jakinminarekin. Nire inguruan daudenek ulertuko dutela uste dut. Bidearen erdian bat batean gelditzen banaiz zerbait ikusteko eta traba egiten badiet, patzientzia izatea espero dut. Eta umorea. Umorea dosi handietan.