Argazkiak
Kafea hartzen geundela, telefonoan gordetzen ditugun argazkiak erakutsi genizkion elkarri. Lagunak orduan esan zidan paperezko argazkirik ateratzen ez duenetik guztiz desordenaturik dituela argazkiak, han eta hemen gordeta: mugikorrean batzuk, ordenagailuan besteak, disko gogorrean, CD batzuetan Oso normala dela esan nion, argazki digitalak bakarrik ditugunetik jende askori gertatzen zaiola. Baina lagunak aipatu zidan bere laneko argazkiekin ez zaiola halakorik gertatzen, oso ondo ordenaturik dituela karpeta ezberdinetan laneko ordenagailuan. Eta orduan, kezkaturik galdetu zidan: Nire bizitza profesionala pertsonala baino ordenatuagoa daukadala esan nahiko du honek?
Barre egin genuen. Beti egiten dugu barre elkarrekin gaudenean. Eta elkarri agur esan ondoren, pentsatu nuen jende askori gertatzen zaiola antzeko zerbait eta ez dela kasualitatea etxetik kanpoko lana etxe barrukoa baino gehiago baloratzen duen gizarte batean bizitzea, zeinean industriak edo finantza emaitzek garrantzi handiago duten pertsonen zaintzak baino, besteak beste. Gizarte honetan ez baita barkatzen norbaitek lanean huts egitea baina bai seme-alabak ikastolatik jasotzeko denborarik ez izatea edo ez bisitatzea ia inoiz familiako nagusiak. Gizarte honetan gutxietsi egiten dira bizitzaren sostengurako oinarrizkoak diren pertsonen zaintza, etxeko lanak, harreman pertsonalak Eta gizarte honetan bizi den nire lagunari, ondorioz, garrantzitsuago iruditzen zaio laneko argazkiak ondo ordenatuta izatea, huts egin eta lanik gabe geratzeko arriskuagatik batik bat, bestelako argazkiak ordenatuta izatea baino: bere seme-alabak nola hazi diren erakusten dutenak, bere aita zenak zuen irribarrea jasotzen dutenak, edo bikotearekin Italian igarotako oporraldi haietan zein zoriontsu izan ziren erakusten dutenak. Nahiz eta ziur naizen argazki guztietatik batekin geratu beharko balitzatekeen nire lagunak ez lukeela inolaz ere aukeratuko enpresa hitzarmen bateko sinadura jasotzen duena.