Bakarrizketak
Ez dakit nire irudipena ote den baina gero eta jende gehiago ikusten dut kalean bakarrik hitz egiten. Lehen noizbehinka ikusten nuen agureren bat, bastoia eskuetan, aireari agiraka, edo andreren bat marmarka, burua alde batera eta bestera mugituz, aurreko hutsuneari ezetz esanez bezala. Beti pentsatu dut adinarekin zerikusia duela, eta zahartzean bakarrik gertatzen zen fenomenoa zela, edo buruarinen kontu bat. Baina egun jende gazteagoa ikusten dut aireari berbetan, airearekin eztabaidan...
Aste honetan ere gizon bat ikusi dut nire aurrean horrela. Eskua altxatzen zuen noizbehinka, atzamarra tente, norbaiti lezio bat ematen izango balitz bezala. Norbaiti esan beharreko guztiak aurpegiratzen egongo balitz bezala, haserre antzean. Geunden lekutik gertu buruko gaixoentzako egoitza moduko bat dago, eta pentsatu nuen handik eguerditan paseatzera irteten diren paziente bat zela, baina halako batean, aurreratzera nindoala, zeharka begiratu eta nire sorpresarako nire ezagun bat zen, nire kintakoa, urtetan ikusi gabekoa. Aurrera egin nuen, ez ikusiarena eginez.
Bakarrik hitz egitea gorputzaren eztanda bat dela pentsatu nuen. Eta burura etorri zitzaidan nire umeei behin oparitu zieten Antón Zampón txerritxoaren jokoa. Jokalariek, banan-banan, hanburgesak sartzen dizkiote ahoan, eta halako batean, eztanda egiten du haren gerrikoak. Txerritxoak hanburgesak jaten dituen bezala, gu bizitzan hitzak jan eta jan gabiltzala pentsatu nuen. Jaten ditugu berbak, sentipenak, haserreak, agirakak, salaketak, barreak eta halako batean gorputzak nahikoa da! esaten du eta eztanda egiten dute hitz eta sentipen guzti horiek kanpora. Baina irteten direnerako ez dago inor aurrean. Airea baino ez. Eta hitz horiek, hartzailerik ez izateagatik eraginkorrak ez izateaz gain, kutsadura sortzen dute. Gero esango dute wifi uhinek egiten digutela min. Nik uste atmosferara berandu jaurtitako hitzek oraindik gehiago nahasten dutela giroa.