Lasaitu ederra
Lasaitu ederra hartu du Raulek berriz lanean hasi denean. Azken bi asteak ez dira onak izan. Bazekien ez zirela onak izango. Azken urteetako bidetik, bazekien Gabonetan gaizki pasatuko zuela. Emozio asko nahasten zaizkio barruan garai honetan, sastadak eta urradurak sentitzen ditu barnean, eta berak isiltasunarekin estaltzen ditu.
Oporrak hartu aurreko egunean, lankide guztiak pozik eta irribarretsu zeuden bitartean, Raulek beldurra baino ez zuen sentitzen. Bazekien tristurak harrapatuko zuela hurrengo egunetan, bazekien gabezia handi bat sentituko zuela. Bere emaztea zena falta denetik, Gabonak lurralde deseroso bihurtu dira harentzat.
Ez da Raul lasaitu ederra hartu duen bakarra. Mari Carmen ere hor dago, egoera berdinean. Gaur lasai eta presarik gabe jaitsi da dendara bazkaria egiteko behar dituen lau gauzatxoak erostera. Alargun geratu zenetik eta bakarrik bizi denetik, ez dio denbora asko eskaintzen sukaldaritzari. Berak esaten duen modura, nahikoa izaten du lau barazki jatearekin.
Berarentzat ere gogorrak izan dira azken bi aste hauek. Kanpoan bizi diren alabak etorri zaizkio etxera, familia eta guzti, eta Mari Carmenek sekulako gogoa zuen alabak eta ilobak ikusteko, baina hala ere, gogorrak izan dira egun hauek ez baita geldirik egon une batean ere: bazkariak prestatu, erosketak egin, etxea jaso, izarak eta koltxoiak atera denak etxean sartu ahal izateko, ilobak zaindu gurasoak zerbait hartzera irteten ziren bitartean? Azkenean bukatu dira jaiak eta berreskuratu ditu bere ohiturak: goizeko tai chi ikastaroa, kafea lagunekin, Armentiara paseoa? Alabetako batek, joan aurretik, esan zion pena sentitzen zuela berriz bakarrik uztean. Mari Carmenek betilun begiratu zion baina atea itxi eta sofan etzan eta berehala irribarrea agertu zitzaion ezpain artean.
Egunotan jende askok hartu du lasaitu ederra. Egun arrunt ederrak heldu dira azkenean.