Síguenos en redes sociales:

Emakume zatiak

Elkarrizketatik ihesi egiteko baimena eman diot une batez neure buruari. Telebistan, iragarkiak. Ez dute soinurik, tabernako musika entzuten dut, lagunen marmarrarekin nahastuta. Eta horrela ikusita, soinurik gabe, iragarkien edukiak oraindik hobeto aztertu daitezkeela pentsatu dut, esaten dutena entzun gabe, erakusten dutena bakarrik ikusiz.

Eta noski, banekien emakumeen gorputza tresna erakargarri gisa erabiltzen dela hainbat eta hainbat iragarkietan, baina, benetan, horrela, soinu gabe ikusita, ikaratuta gelditu naiz. Izan ere, ez ditut ikusi bakarrik gorputz eta ezpain perfektuak dituzten emakumeak han eta hemen, ez da hori deigarriena izan niretzat. Deigarriena emakume zatiak ikusi ditudala han eta hemen. Ez emakume bat, bere edertasun perfekto guztiarekin, baina emakume bat azken finean, pertsona bere osotasunean. Horren ordez, ikusi dut ipurdi bat, izter bat, titiak, zilbor bat, ezpain mamitsitsu eta heze batzuk... Elementu solteak dira, ez dute bururik, ez dute gorputz propio bat, piezak dira, eta harategian bandejetan dauden solomo, oilasko bularki, txuleta eta gibelak etorri zaizkit gogora.

Beti erabili izan da emakumeen edertasun eredu bat apaingarri gisa pelikula, iragarki edo txirrindularien sari emanaldietan, baina orain ez dira emakumeak erabiltzen, orain emakume zatiak erabiltzen dira eta berdin da norena den titi hau, edo ipurdi honen jabea ilegorria edo beltzarana den. Orain bandejetan saltzen dituzte geure gorputzen atalak, eskaintza onena egiten duenaren eskura daude erakusleihoaren bestaldean.

Lagunei begiratu diet berriz. Isilik daude, barrara begira. Zerbitzari berria kontratatu omen dute eta gaur du lehen eguna. Ez du inork ezer esan, baina denek pentsatu dute ipurdi ederra duela.