Hasierak gustatzen zaizkit, aukera guztiak posible diren une horiek. Egunaren hasiera, adibidez. Hogei urte nituenean goizak gorrotatzen nituen, arratsaldeko zortzirak arte egunak ez zuen niretzat distira izpirik erakusten. Orain, aldiz, goizak gustatzen zaizkit, zerbaiten hasiera suposatzen dutelako, estreinatu gabeko urte hasierako kuaderno usaina dutelako, batzuetan eguna oker-tzen dizuten deabrutxoak oraindik lo daudela ematen duelako...
Liburu baten hasiera gustatzen zait, adibidez, oraindik dena delako posible une horretan, eta mundu berri baterako sarbide delako. Edozer gertatu daiteke une horretatik aurrera. Hasierak gustatzen zaizkit. Atzo bertan Interneten bidez auto batean gertatutako erditze baten bideo ederra heldu zitzaidan. Kopilotuaren eserlekuan jarrita, emakumeak lasaitasun eta abilezia harrigarri batekin atera zuen bere barnetik umea, eta han hartu zuen lehebizikoz umeak arnasa, bizitzeari uzten dion arte etenik izango ez duen ariketa hori hasi zuen une horretan bertan. Hasieren ondoren egunari kolorea emango dioten gertakizunak datoz, batzuetan itxaropenaren kolore berdea dute, beste batzuetan, aldiz, etsipenaren eta amorruaren kolore beltza. Horregatik, egun askotan hasierara bueltatzeko gogoa izaten dut.
Auto baten gertatutako erditzea ikusi dudan egun berean, beste irudi batzuk ere heldu zaizkit, Pakistaneko sarraskiarenak, eraildako ehundik gorako ume eta gazteenak. Eta egunari atzera emateko mandoaren bila hasten naiz, berriz egun horren hasierara buelta egin nahiko nukeelako, ume eta gazte horiek goizero bezala eskolara sartzen diren une horretara, eta pentsatu beste modu batean igaroko dela eguna, beste kolore bat izango duela. Eta horrela, ikusi nahi dut ume eta gazte horiek eskolatik berriz etxerantz irteten diren une hori, zeinean, jakin gabe, berriz jaio diren. Arnasa hartzen jarrai-tzen duten une hori ikusi nahiko nuke. Horretarako, hasiera berri bat behar dut.