Eta badakizu
Julio Iglesias nire telefonoan sartu da. Haren argazki bat baino gehiago jaso dut azkenaldian whatsappetik Euzkadik behar zaitu irudi mitiko haren antzera, atzamarra niregana zuzenduta eta bakoitzean mezu diferente bat luzatuz, baina beti "eta badakizu" leloa erabiliz bukaeran.
"Whatasppeko talde batean ez bazaude, ez zara inor, eta badakizu", esan dit jaso dudan azkeneko mezuan. Eta pentsatu dut nola aldatu diren azken urteotan pertsonen arrakasta soziala neurtzeko baremoak. Izan ere, gaur egun, ez zara inor azken txiste edo azken bideo birala ezagutzen ez baduzu, eguna lanean pasatu duzulako eta sare sozialei kasurik egiteko tarterik izan ez duzulako, eta, aldiz, oso ondo baloratua dago lagunei bidaltzeko azken txistearen bila egun osoa pasatzen duen pertsona, nahiz eta horretarako, bere eginbeharrak abandonatu edo beste batzuen gain utzi behar baditu ere.
Whatsappeko talde batean ez bazaude ez zara inor, gogoratu dit Julio Iglesiasek irribarre batekin, eta esan zezakeen baita ere ez zarela inor ez baduzu une oro elkarbanatzen egiten ari zarena, honek dakartzan ondorioekin. Izan ere, besteek une oro egiten dutenaren berri izateak efektu zital bat ere eduki dezake, erraietararte sartzen zaizulako zerbait galtzen ari zaren sentsazioa.
Bakoitzak daukanarekin eta bakoitza denarekin pozik ez egotea oso ohikoa izaten da, baina gaur egungo berehalako komunikazio hauek areagotu egiten dute jendearengan sentsazio hori. Egon zaitezke etxean, lasai, liburu bat gustura irakurtzen edo telebista ikusten, norbaitek tabernan hartzen ari den zerbezaren argazkia bidaltzen dizun arte, edo atseden hartzen ari den hondartzaren argazkia bidaltzen dizun arte. Ordurarte gustura izan bazara ere, akabo lasaitasuna eta bakea. Jada ez dago gozatzerik, gauza gehiegi galtzen ari zara.
Ez bazaude une oro konektatuta ez zara inor, baina konektatuta baldin bazaude, galtzen ari zaren guztia zuzenean ikusten, berdin sentituko duzu ez zarela inor. Ez dago irtenbiderik. Eta badakizu.