Batzuetan ezertarako ere ez duela balio sentitzen duela aitortu dio, kostata, Amaiak lagunari, ezertarako ere ez duela balio askotan entzun duenaren begiekin. Ze motatako pertsonak gustatzen zaizkion galdetu dio orduan lagunak, eta Amaia zer eran-tzun jakin gabe geratu da. Gustatzen zaizkion pertsona batzuk ekarri ditu gogora eta zertan diren berdin galdetu dio bere buruari. Oso pertsona ezberdinak dira: batzuk serioak, beste batzuk oso alaiak; batzuk lasaiak dira, beste batzuk ez dira sekula gelditzen; batzuk langileak, beste batzuk alferrak; batzuk emakumeak, beste batzuk gizonak, badaude bata eta bestearen artean definitu gabe daudenak baita ere...
Baina bai, zerbaitetan dira berdin. Bera ondo sentiaraztea lortzen dute, oso era ezberdinetan. Batzuek segurtasuna ematen diote, beste batzuek bizipoza, edo lasaitasuna, edo barregura, edo energia Bakoitzak gauza ezberdin bat eskaintzen dio, baina denek sentiarazten dute ondo. Beraz, erantzun dio azkenean lagunaren galderari: Ondo sentiarazten nauten pertsonak gustatzen zaizkit.
Bere senarrak ondo sentiarazten duen galdetu dio lagunak ondoren. Galderak ustekabean harrapatu du. Eta berriz, bitan pentsatu behar izan du erantzuna. Eta baita hirutan ere. Baietz erantzun du ondoren, baina, egia esateko, ez dago ziur. Zalantzak ditu, eta etxerako bidean kezka gero eta handiago egin zaio, izan ere, larritasunez konturatu baita ezin duela bere senarra gustatzen zaizkion pertsonen zerrendan sartu. Senarrak ez du ondo sentiarazten: ez dio pozik ematen, ez dio lasaitasunik ematen, ez dio energiarik ematen Energia kendu egiten diola ohartu da, eta urduri jartzen duela askotan.
Lagunak ez dio inoiz barne-barneko kontuei buruzko halako galdera zuzenik egin, baina egiteko ordua heldua zela iruditu zaio. Izan ere, Amaiak ezertarako ere ez duela balio askotan entzun duenaren begiekin begiratu baitio.