Itziarrek gero eta konfiantza gutxiago du gizakiengan, gizarteaz duen iritzia gero eta penagarriagoa da. Tabako denda bateko saltzailea da eta inguruari ostikoka hasteko gogoa izaten du bezeroren batek makina bat balitz bezala hitz egiten dionean. Sartu eta "Ducados" esaten diotenean, adibidez, horrela, zuzenean, aurretik egunon, arratsaldeon, edo mesedez bezalako leungarririk gabe. Paketea ematean makina baten ahotsa erabiliz "Su tabaco, gracias" erantzuteko gogoa izaten du batzuetan. Eta, zaila egiten zaio ulertzea, baina haserre dagoen egun horietan ere, erakusleihotik ikusi dezakeen parkeko arboletako hosto horituetan eguzkiak jotzen baldin badu, izpiekin udazkeneko koloreak nola pizten diren ikusteko aukera izaten badu, bat batean, mundua leku zoragarri bat dela pentsatzen du, eta pozik sentitzen da, bakean. Ostikoka hasteko gogoa baretu egiten zaio.
Jonek, gosaldu bitartean eguneko berriak irakurri ondoren, askotan pentsatzen du mundu honek ez duela salbaziorik: adin txikiko neska bat bortxatu dutela irakurri du, zenbait politikarik diru publikoa erabili dutela prostituten zerbitzuak erosteko, eta Afrikan jendea ebolaz hiltzen ari dela, guri hemen gaixotasuna bertaratzeko arriskuak bakarrik kezkatzen gaituen bitartean. Eta, zaila egiten zaio ulertzen, baina Jonek, pesimismo antropologikoa gero eta barneratuago badauka ere, gaur negar egin du telebistari begira, gaixotasun arraro bat duen ume bati laguntzeko bizilagunek fondoak biltzeko egin dutena ikustean.
Idoiak inguruan kaskarkeria eta kulturarik eza baino ez du ikusten. Autobusera igo eta han dauden askok Mikel Laboa edo Maialen Lujanbio nor diren ideiarik ere ez dutela pentsatu du. Baina, hala ere, autobusetik jaistean, emozionatu egin da, kalean gitarra jotzen eta abesten dagoen neska baten urrezko ahotsa azaletik sartzen sentitu duenean. Orduan, denak merezi duela pentsatu du. Ulertzen zaila egiten baldin bazaio ere.