Kezkatuta ikusi dut laguna. Zer duzu ba?, galdetu diot. Berrogei urte bete dituela, horra bere arazoa, bizkarrean daraman harri pisutsua. Berrogei bete nituenean nire nebak esan zidana kontatu diot: Oraintxe hasten da onena, arrebatxo. Saiatu naiz azaltzen berrogei urtetik aurrera oreka gailentzen dela, pertsona baten fisikoaren eta buruaren arteko oreka ematen dela. Esperientziak erakutsitakoarekin, halako heldutasuna agertzen da, zeure buruan konfiantza izaten laguntzen dizuna, eta aldi berean, gorputza oraindik ondo dago, hogei urterekin baino zimeltxoago azala, baina, tira, titiak oraindik tente antzera.

Lagunak, pixka bat pentsatu ostean, ezezko keinua egin du buruarekin: ez daukazu ideiarik ere, erantzun dit serio-serio. Eta galdetu dit: ez zara konturatzen emakumeak garela? Eta emakumea izanda ezer ez dela berdin? Esaiozu hori zure nebari mesedez, berrogei urteak pasata hain pozik bizi den horri.

Etxerako bueltan, pentsatu dut nik behintzat neure burua inoiz baino orekatuagoa sentitzen dudala, inoiz baino hobeto sentitzen naizela, baina, zer gertatzen da gorputza eta buruaren artean lortutako oreka hori, berrogeita hamar urtetik aurrera desorekatzen hasten denean? Hau da, gorputza benetan zimeltzen hasten denean?

Gorputzari, itxurari, kanpoko edertasunari, barruan dagoen aberastasunari baino balio handiagoa ematen dion gizarte batean bizi garela denok dakigu. Baina horretan ere, lagunak gogoratu didan bezala, ez da berdin gizon edo emakume izan, izan ere, betiko edertasun eta gaztetasunaren tirania emakumeentzat bereziki diseinatutako harri pisutsua baita.

Une batez nebari deitu eta "ez daukazu ideiarik, nebatxo" esateko gogoa sentitu dut, baina gero pentsatu dut hobe dudala lagunari deitu, eta urtebetetzea behar bezala ospatzeko berriz ere elkartu, ardo kopa bana eskuetan, elkar animatzeko erabiltzen dugun oihua bota ahal izateko gogoz airera: Altxa titixak prima!