Nire lau urteko alabak badaki zer esan nahi duen gastroenteritis hitzak. Hitz luzea da, zaila, ez da katarro hitza, ez da lau urteko ume batek ikasten dituen arbola, mendia, zaldia, eta horietakoa, baina berak badaki zer esan nahi duen. Eta badaki, hain zuzen ere, gastroenteritisak behin baino gehiagotan egin digulako bisita etxera eta bere azalean eta bere digestio aparatuan pairatu dituelako gastroenteritis hitz luzearen ondorioak. Aste honetan bertan azkena.

Nire alabak badaki zer esan nahi duen gastroenteritis hitzak, eta badaki zer esan nahi duten arbola, mendia, edo zaldia hitzek. Baina nire alabak ez daki zer esan nahi duen arrazakeria hitzak, adibidez. Gastroenteritis ezagutzen du nahiz eta zailagoa dirudien, baina ez du ezagutzen arrazakeria hitza ez duelako bere azalean inoiz sentitu. Ez dio inork gaizki begiratu autobusean alboan esertzeagatik, ez du inork kolunpioetatik alde egin bera zegoelako, ez dio inoiz inork laguntzarik ukatu. Aste honetan nire alabak "arrazakeriari ez" leloa ikusi du hiriko pareta batean margotuta. Nire alabak badaki zer esan nahi duen gastroenteritis hitzak baina ez daki irakurtzen, eta han zetorrena azaltzeko eskatu zidan. Saiatu nintzen azaltzen pertsona batzuek beste persona batzuk gutxiesten dituztela kultura eta arraza ezberdinekoak izateagatik. Ezberdinak izateagatik balio gutxiago dutela sinistuta bizi direla, baina nire alabaren aurpegian galdera aurpegiak jarraitzen zuen. Konkretuagoa izan nahian, esan nion batzuk mespretxatu egiten dituztela Ahmed, Alí, Fátima, Jayla, Abdul, Samin, Luboslaw... eta halako izenak dituzten neska-mutilak eta gizon-emakumeak.

Isilik geratu zen, kezka aurpegian, eta handik gutxira esan zidan: agian izen zailak dituztelako izango da. Segundo gutxi batzuk isilik egon ondoren, eskua aho alboan jarri eta gertura-tzeko eskatu zidan, ahopeka esateko: ama, ez esan inori guk gastroenteritis daukagunik.