Síguenos en redes sociales:

Jatorriari begira

Arazo batzuk, antza, konponezinak dira. Gure munduko injustizia handi batzuen aurka borrokatzea alferrikakoa omen da, edo hala pentsatzen dugu batzuetan, arazo batzuk "naturalak" direla eta, beraz, saihestezinak, ezin dugula egin ezer hauek konpontzeko. Horregatik entzuten dugu batzuetan ezin dugula ezer egin munduan gosez ari diren milioka pertsonen alde, dirua emanez gero armetan gastatzen dutelako; edo ondo dagoela ingurugiroa zaintzea, baina ezin zaiela alor honetan hainbeste exijitu enpresei, krisi garaian gaudela eta; edo inork ez duela errurik erabakigune garrantzitsuetan ia emakumerik ez egoteaz, hauek benetan beraien balioa erakutsiz gero heldu daitezkeelako nahi duten lekuetara, eta abar.

Agian izebergaren puntari begira gaude soilik, itsu azpian ezkutatzen dena ikusteko. Zeren badaude konplexuak diren arazo batzuk, ulertuak izateko gauzen jatorrira jaistera eskatzen dutenak. Eta arazo hauen aurrean, ez zaio hainbeste begiratu behar arazoari berari, arazoari nondik begiratzen diogun antzeman behar da lehenengo. Eta gure buruari galdetu: Eta beste leku batetik begiratzen badiot arazoari? Eta ondorioei begiratzeaz gain, arazoaren jatorriari begiratzen badiot?

Arrazakeriaz, emakume eta gizonen arteko berdintasun ezaz, bizitzaren sostenguaz edo ingurugiroa bezalako gai garrantzitsuei buruz hitz egiten dugunean jatorrira jo behar dugu, urak estaltzen duen izebergaren zatira. Aurrekariak eta historia ezagutzeak asko laguntzen du, ezinbestekoa da arazoak nondik eta nola sortu diren jakitea, baina horrez gain, guztiz beharrezkoa da geure buruari galdetzea zein motatako gizartean bizi garen eta zein motatako gizartea eraiki nahi dugun. Kolokan jartzea gaur egun gizarte honek dituen lehentasunen egokitasuna eta galdetzea lehentasunen ordena aldatuz gero, zenbat arazo konpontzeko bidean jarriko ginatekeen.

Batzuetan nahikoa izaten da beste leku batetik begiratzea. Edo perspektibaz begiratzea. Edo, nahiz eta ahalegin gehiago eskatzen duen, arazoen jatorriari begiratzea. Eta gero, galderak egitea.