Urrezko harriak
Autoeskolako irakaslea ikusi nuen kalean. Ez ninduen ezagutu. Ez da harritzekoa, urte asko dira gida baimena atera nuenetik eta ikasle mordoa izango zuen urte guzti hauetan. Kalean ikusi eta berehala pentsatu nuen zenbat jendek erakutsi didan zerbait bizitza honetan, eta pentsamendu bat bestearen atzetik etorri zitzaidan, etenik gabe, ur-jauzi baten antzera: norbaitek erakutsi zidan irakurtzen, idazten, neure burua janzten, saskibaloira jokatzen, norbaitek esan zidan nola egin txirikorda bat, nola egin kenketa bat, norbaitek eman zidan gomendio edo aholku garran-tzitsu bat, klabe bat arazo bat ulertzeko, ezagutzen ez nuen ikuspuntu berri bat...
Hainbat jende ibili da nire inguruan hau eta bestea erakutsiz eta gaur naizenari zerbait erantsiz. Eta bere ezagutza banatzen duten pertsonez gain, badago beste ikasgai iturri garrantzitsu bat bizitzan: erortzea, txirrist egitea, huts egitea, zerbaitetan saiatu eta emaitzik ez lortzea, porrotak, desilusioak, kritikak, desamodioak, saskiratzea lortzen ez duten jaurtiketak, estropezuak, gaizki lotutako botoiak, ezabatutako parrafoak Manolo Garcíak esaten zuen bada kanta hartan, "nunca el tiempo es perdido ", eta ez dago zalantzarik egunero ari garela ikasten, egunero jasotzen dugula ikasgai bat, eta porrotetatik jasotako ikasgaiak are eta baliotsuagoak izaten direla, urrezko harri bat bezalakoak.
Estropezuetatik asko ikasten dela onartzea ere denborarekin ikasten da. Eta baita arazoei perspektibaz begiratzen, hiria zerutik zeharkatzen duen hegazti baten antzera. Hori ere duela gutxi lagun batek gogorarazi didan lezio on bat da. Jokaldi txar batengatik eskuak burura eraman eta paralizatuta gelditu beharrean, korrika jarraitzea ezinbestekoa da, oraindik minutu asko faltatzen baitira arbitroak txilibituarekin partiduaren amaiera adierazten duen arte.