Aginduak
Egun eguzkitsuetan etxean geratzea bekatua dela ematen du. Eguzkia irteten bada, lau hormen artean geratzeko debekua sentitzen dugu, eta askotan nahiz eta bertan geratzeko gogoz egon, pentsatu gabe irteten gara kalera, besteek gugandik hori espero dutelako, baita geure buruak ere. Eta azkenean etxean geratzea erabakiz gero, oso ohikoa da gainera kontzientziak erasotzea, ez dugulako gugandik espero zena egin.
Idatzi gabeko lege askoren menpe gaude eta egunero obeditzen ditugu inkontzienteki. Gehienetan, gugandik espero zena egiten dugu, buruan idatzita ditugun aginduei men egiten diegu, oso presente izan gabe agindu hauek ez direla berdinak denentzat.
Izan ere, gizarte honek ez du gauza bera espero emakume batengatik edo gizon batengatik, aberatsa edo txiroarengandik, arraza zuriko edo arraza beltzeko norbaitengatik...; ez zaio gauza bera eskatzen homosexualari edo heterosexualari, ezinduari edo ez denari, bikotea duenari edo ez duenari... Pertsona bakoitzak buruan idatzita dugu gugandik espero dena. Eta buruan ditugun hitz horiek ez daude gaur ezta duela bi egun idatzita, bizitza osoan zehar idatzi ditugu, Rubio koaderno haiek idazten ziren pazientzia eta kadentziaz. Eta pisu handia hartu dute.
Gure bidea pentsatzen duguna baino markatuagoa dago, eta oso erraza da korronte horrek eramatea. Dena den, beti dago bidetik irteteko aukera, gugandik espero dena egin ordez, gure gogoak eta eskubideak agintzen diguna egitekoa. Eta hori eginez gero, gerta dakiguke etxean pasatzen ditugun eguraldi oneko egunetan gertatzen zaigun bezala, kontzientziaren tortura jasatea, ez gaudelako ezarri zaizkigun aginduak betetzen. Baina hori da ordaindu beharreko zerga asfaltatutako bidetik ibili beharrean, sasitza artean bide berri bat irekitzen hasten direnentzat. Benetan izan nahi duzun pertsonaren bila hasteak dakarren ordaina da hori.