Maiuskulaz
Ezagutu dugun norbait hiltzean, gure buruak egiten duen lehenetariko ariketa harekin izan ginen azken eguna gogoratzea izaten da, edo ez badugu azken eguna gogoratzen, harekin batera gertatu zaigun zerbait gogoratzen dugu, edo hark esan zigun zerbait, edo eman ziguna, edo, zergatik ez, baita kendu ziguna ere. Pertsona horrek gugan utzi zuena gogoratzen dugu. Gugan erein zuena edo guregandik hustu zuena.
Hala izaten da, gure bizitzatik pasatzen diren pertsonek zerbait uzten dute gugan, ona edo txarra, pisu handikoa edo arina, guretzat oso garrantzitsua izan dena edo ez hainbestekoa. Badaude, hala ere, ezer uzten ez digutenak baita ere, gure alboan egon diren arren, gurekin ez dutenak ezer banatu, ez digutenak ezer eman, ez digutenak ezer pentsarazi, ezer sentiarazi. Egon besterik ez dute egin. Egon eta gorde, eurena gorde, inorengan hazirik utzi gabe.
Bizitza pasatu eta inorengan eraginik ez izatea hutsik eta pobre sentitzeko arrazoi sendo bat izan daiteke. Zaila izaten da ba-tzuetan ohartzea egunero egiten dugunak, esaten dugunak, eragina duela besteengan, eta egunero gure buruaren zati bat uzten dugula besteen barruan, edo uzteko aukera dugula. Hau kontuan izanik, zein pozgarria den ematea, hartzea baino askoz aberasgarria askotan. Aurreko batean lagun batek esan zidan berari opariak jasotzea baino, gehiago gustatzen zaiola opariak ematea, orduan bai sentitzen dela ondo. Eta egia da ematean pozik gelditzen garela, asebeteta, eta hartzean askotan zorrean bezala sentitu gaitezkeela eta gure poza ez dela hain borobila. Besteengan gure zatitxo bat uztea izan daiteke bizitza honetan izan dezakegun helburu apropos eta duinetako bat. Besteengan gure zatitxo bat uztea betirako bizitzea bezalakoa izan daiteke, edo minuskulaz bizi ordez, maiuskulaz bizitzekoa. Hala bedi.