Síguenos en redes sociales:

Irakaspenak

Urteekin asko ikasten dela pentsatu du Milak. Berak, adibidez, ikasi du ezetz esaten ezetz esan nahi duenean. Urtetan ez esan nahi eta bai erantzuten ibili ondoren, halako batean erabaki zuen bere nahiak eta ekintzak bide beretik joango zirela. Ezetz esaten hasi zenean, lagunak galtzearen beldur zen (inoiz ezezkorik onartzen ez duenak lagun izena merezi duen zalantzan jartzen badu ere), baina bere buruaren lagun min egin da, eta sekulako zama kendu du gainetik. Bere buruari galdetzen dio honi koherentzia deitu ahal zaion, baina bestalde, konturatu da urteekin ikasi duela baita ere koheren-tziaren presio eta kartzela alditik ihes egiten. Beti koherentea izatea ere ez da lan makala, eta denborarekin bere kontraesanekin batera bizitzen ikasi du. Hor ditu, identifikatuta, batzuk landu beharreko zerbait bezala ditu seinalatuta egitekoen zerrendan, baina bitartean gai da arnasa lasai hartzeko bere kontraesanengatik une oro mina sentitu gabe.

Urteekin asko ikasten dela pentsatu du Milak. Ikasi daiteke, adibidez, damuei indarra ken-tzen, haiengandik urruntzen. Garai baten egin zuenagatik edo egin gabe utzi zuenagatik guztiz damututa dagoen arren, urteekin ikasi du ezin duela bere burua egunero torturatu hutsegite hura gogoratuz. Aldi berean, baina, ikasi du hutsegiteak kontuan izan behar direla, akatsak ez errepikatzeko.

Milak urteekin ikasi du, baita ere, pazientzia izaten, gauza batzuek bere denbora behar dutela ulertzen. Baina aldi berean, ikasi du zenbait pertsonekin pazientziarik ez izaten; euren jarreragatik gustatzen ez zaizkion pertsona batzuk saihesten, hauen portaera etengabe zuzendu nahian ibili beharrean. Urteekin asko ikasten da, pentsatu du Milak, eta konturatu da irakaspen gehienak galeratik sortzen direla; inork ez dakiela galtzaileak beste; inork ez dakiela bere azalean porrota sentitu duenak beste. Eta ez dagoela errezetarik. Estropezuekin batera goazela bakoitza poliki-poliki ikasten.