Síguenos en redes sociales:

'Nevermind'

Autobusaren zain nagoela, lore bana-tzailearen furgoneta nire parean gelditu da, semaforoaren aurrean. Bero egiten du eta leihoa irekita darama gidari gazteak. Barrutik Nirvanaren Nevermind diskoaren lehen abestiaren notak heldu zaizkit, Smells Like Teen Spirit, Kurt Kobainen ahots berezi eta garratzean. Mutilak erritmoa jarraitzen du bolanteari kolpetxoak emanez, ni isilean kantatzen ari naiz, eta harritu naiz pentsatzean zein bizia dagoen oraindik kanta hori Kurt Kobain hil zela hainbeste denbora pasa denean (20 urte!). Kanta hilerrietara eramaten diren loreak bezala, bizirik dago. Lore biziak hildakoen gainean. Duda barik, artea betirako bizirik mantentzeko modu bat da.

Ideia honi bueltaka ari naizela egilea eta obraren arteko distantziaz pentsatu dut. Egileek askotan adierazten dute idatzi, konposatu edota margotzen dutena behin bukatuta, obrak bizitza propioa hartzen duela, eskuetatik ihes egiten diela. Izan ere, obra bat egilearen lehengai biografiko, kultural, ideologiko, artistikoetatik jaiotzen bada ere, egilearen obra baino zerbait gehiago da, berarengandik ihes egiten duen zerbait da, seme-alaba nerabeek etxetik bezala, eta bizitza propioa hartzen du har-tzaileengana heltzean.

Behin sortuta, obra jada ez da egilearena bakarrik, harena baino gehiago hartzailearena da, hartzaile bakoitzarena. Obra horrek ez baitu bakarrik egilearen historia kontatzen, belaunaldi baten historiaren isla izan daiteke, une historiko batena edota hartzailearen bizitza propioarena. Obraren interpretazioa egilearen asmoen gainetik dago, hartzaileak prozesuan ere parte hartzen duelako. Horregatik geratzen dira hankamotz askotan egileak bere obrari buruz ematen dituen azalpenak, benetan ez delako guztiz kontziente sortu duenaz.