Síguenos en redes sociales:

Distantzia

Idazle bati baino gehiagori entzun diodan gomendioa: Zerbait idatzi ondoren, gorde ezazu tiradera batean, utzi denbora pasatzen, eta idatzitakoa ia ahaztu duzunean, hartu berriro eta irakurri. Testuarekiko nolabaiteko distantzia hartzean, testuari perspektibaz begiratzeko aukera izatean, idazketa prozesuan ikusten ez zenituen gauzak ikusiko dituzu, begi berriekin ikusiko duzu ida-tzitakoa, eta horrek testua zuzentzen lagunduko dizu. Askotan idazketa prozesuaren zurrunbiloan itsutu egin baitaiteke idazlea. Baina ez da idazketa prozesuarekin bakarrik gertatzen den zerbait. Eztabaida batzuk irtenbiderik aurkitu ezinean trabatzen direnean ere, distantziak balio dezake gauzak urrunetik ikusiz, korapiloa askatzeko. Bikote batean, adibidez, askotan distantziak salbatu dezake harremana. Urrundu, gero, harremana urrunetik ikusi ondoren, berriz elkar-tzeko. Edo ez, agian betirako banatzeko. Distantzia, baina, ez da eskapismoa, gauzak hobeto ikusteko talaia bat baizik. Distantzia ez da tiraderan utzi duzun idatzi hori abandonatzea; zeneukan eztabaida itxi gabe uztea, edo bikotearen arazoei aurre egin beharrean, ihes egitea. Hori ez da distantzia, ausardia eta kemen falta baizik.

Zenbait gatazka politiko eta armatuetan ere, distantziak ematen duen neutraltasun ku-tsuaz baliatuz, nazioarteko begiraleak erabiltzen dira. Espainiako Gobernuak herri honen bake prozesuan izaten ari duen jarrera mendekari, immobilista, berekoi eta arduragabekoa ez dakit nola ikusiko duten hemendik kanpo, distantziatik. Ziurrenez lotsagarri.

Zerbait idaztean gertatzen den bezala, ba-tzuetan testutik urruntzeak laguntzen du gauza batzuk argiago ikusten, baina esango nuke kasu honetan, ez dela oso urrun joan behar egiaztatzeko Fragak asmatutako "Spain is different" leloak bizi-bizirik jarrai-tzen duela, eta bene-benetakoa dela.