Síguenos en redes sociales:

Emozioak

URTEEKIN jendearen emozionatzeko ahalmena gutxituz doala esaten dute. Urteak aurrera egin ahala, umetan dugun sakonki sentitzeko ahalmen hori gogortu eta izoztu egiten dela, atrofiatu, eskuetako artikulazioak bezala. Eta kasu askotan egia da, baina esango nuke defentsa moduan geure buruari agintzen diogun jarrera bat dela. Armarria jartzen diegu gure sentimenduei, badakigulako sentitzeak poz asko dakarrela askotan, baina, beste askotan sentitzeko prest egotea min hartzeko prest egotea dela.

Ba iruditzen zait, geure buruari jartzen diogun armarri hori kenduta, barnean gero eta bigunagoak bihurtzen garela urteekin, arrautzezko flan bat baino dardarati eta hauskorragoak. Ni bai behintzat. Bestela ezin dut ulertu sentitzen dudan negargurea, adibidez, ezagutzen ez dudan norbait emozionatuta ikusten dudanean sari bat jasotzean. Ez dakit nor den, ez dakit zein sari eman dioten, ez dakit ezer, baina saria bere gurasoei edo senarrari edo emazteari eskaintzean dardaraka jartzen denean, nik sastada sentitzen dut eztarrian. Flan dardaratia agertzen da.

Aitortu behar dut niri gauza batek emozionatzen nauela asko: jende asko ikustea batera gauza bera egiten. Azken bertsolari txapelketan hainbeste jende bertsolari baten hi-tzak entzuten ikustean ni emozionatu egin nintzen; emozionatu egiten naiz Korrika nire hiritik edo auzotik pasatzen denean, kapaz naiz emozionatzeko futbol estadio bateko ikusleek denek oihu edo himno bera abesten badute batera, nahiz eta ez zaidan futbola gustatzen, eta emozionatu egin nintzen baita ere, duela gutxi Bilboko manifestazio erraldoian jende uholdea ikustean. Bihar, Gasteizen, hiritar askok giza-harresi bat eraikiko dute epaiketa politikorik gabeko garai berri baten alde. Ez dakit, agian, hainbeste esku bata besteari helduta ikustean emozionatu egingo naiz. Benetan, ez daukat erremediorik.