Kontsolamenduak
dESEROSO sentitzen gara norbait kontsolatu behar dugunean, trakets, mugimendu ortopedikoek gidatuta bezala. Duela hamabost urte elkarrekin bizi eta gero neskalagunak banatzea erabaki duela esan dizu lagun batek eta ez dakizu zer demontre esan behar diozun. Hitz batzuk zezeltzea besterik ez duzu lortu: lasai, denborak dena ahazten laguntzen du... Eta zure hitzak hain hutsalak iruditzen zaizkizu, hain bisuteriazkoak... Erraz da hitz egitea ez zarenean zu han behean dagoena.
Norbait hiltzean eta hiletaren ondoren haren senideengana hurbiltzeko sasoia heltzean ere, larri ibiltzen zara, haien mina kontsola dezakeen ezer egiteko gai ez zarela jakinda.
Gaixorik dagoen norbait edo ohetik altxatu ezinik dagoen adineko norbaiti bisita egitean ere, ez dakigu zer den egokiena: bere minengatik galdetu behin eta berriz, edo zinean ikusi berri dugun filme dibertigarria kontatu, minutu batzuetan behintzat non eta nola dagoen ahaztu dezan.
Halako batean gaixorik dagoela aitortzen digun ezagunarekin ere antzeko zerbait gertatzen zaigu. Minbizia duela esan diote, aurrera ateratzeko aukera asko dituela baina kimioterapia oso gogorra egiten ari zaiola esan dizu, eta hortik aurrera ez zara kapaz harekin naturaltasunez hitz egiteko, hitz bakoitza kalkulatzen duzu, ez duzu errukitsu agertu nahi, baina ez dezala pentsatu ere bere gaixotasunak ez dizula minik egiten. Ibiltzean, aurrean lehenengo zein zango jarri behar duzun pentsatzea bezalakoa da. Horrela erraz da estropezu egitea.
Norbait kontsolatzea oso zaila da, oso zaila egiten zaigu, baina une horretan gure keinuak ezertarako balio ez duela pentsatzen badugu ere, zauriak sendatzeko ukendua izan daiteke. Trintxerpen sute baten ondorioz etxea galdu duten pertsonek herriko jendearengandik jaso duten berotasuna, adibidez, ez nuke esango alferrikakoa izan denik. Zerbait gaizki doanean, ez dago babestua sentitzea bezalakorik.