Ederra
Edurnek seme-alaba eta iloba guztiak izan ditu Urteberri egunean etxean bazkaltzen. Zoratuta ibili da azken egunotan, erosketak egin, jakiak prestatu, semeari etxetik aulkiak ekartzeko eskatu... Eskerrak behin bazkaria bukatuta, seme-alabek jaso dutela dena, eta berak aukera izan du kafea hartzeko lasai, aulkitik altxatu gabe.
Urteroko ohitura da. Kafea hartzeko unea heltzean, Edurnek argazki zaharrak ateratzen ditu, bere alabak hala eskatzen baitio beti. Eta han ibiltzen dira anai-arrebak batek jaunartzean duen itxurari barrezka edo izekok ezkontza egunean duen orrazkera bitxia ezin ulertuta. Argazkietako batean Edurne ageri da, hogei urte dituela, zapi bat buruan, eta alboan Vespa itxurako motor zuri bat duela. Hamalau urteko iloba zaharrenak argazkia esku artean hartu eta "Hau zu zara?", galdetu dio amamari. Amamak baiezkoa egin dio buruarekin eta berak aho zabalik erantsi du: "Zein polita zauden".
Betaurrekoak jarri eta argazkiari begiratzean benetan polita dagoela egiaztatu du, eta argazkia atera zioten unea gogoratu du. Herrira uda pasa-tzera etorritako kanpotar batek motorrean buelta bat ematera gonbidatu zuen. Eta gogoratzen du une hartan bera ez zela polita sentitzen, aldiz, gona zaharregia zela iruditzen zitzaion, kanpotarrarentzat neska baserritarra zela bera, inolako distirarik gabea, ilea ere nahastuta eta lasto itxurakoa zuela sentitzen zuen.
Eta orain bere buruari galdetzen dio zelan ez zen ohartu orduan bere edertasunaz. Eta ez bakarrik kanpoko edertasunaz, bere indar eta ahalmen guztietaz. Bizitzan bere burua zenbat gutxietsi duen pentsatu du. Bere ahalmenen kontzientzia ez izateak zenbat aukera kendu dizkion. Eta damutzen da.
"Guapa nintzen, ezta?", esan dio ilobari. "Guapa zara, amuma", erantzun dio ilobak. Inoiz ez da berandu, pentsatu du, batek bere buruari merezi duen balioa emateko. Ilobari bere ahalmen guztietan sinesteko gomendioa eman nahiko lioke, baina ez daki nola. Ez zaio ezer atera. Ilea orraztu dio eskuekin, besterik ez.