Distira begietan
BATZUK eskuetara begira konturatzen dira. Euren eskuak arrakalaz, orbanez eta zainez beteta ikusten dituztenean, orduan konturatzen dira zahartzen ari direla. Beste batzuk konturatzen dira kalean burusoilak agurtzen hasten direnean, edo andreak, eta hauek ez direnean euren izeko bat, edo txikitako irakasle bat, aspaldi ikusi gabeko adin bereko lagunak baizik. Emakume batzuk urteak betetzearen abiaduraz ohartzen dira, hainbeste aldiz entzun eta sekula probatu ez duten bularraren azpiko boligrafoaren froga egiten dutenean azkenik, eta ziur direnean boligrafoa bularraren azpian harrapaturik geratuko dela, txinatar erako udaberriko rollito baten antzera. Gizon batzuk euren burua zahar ikusten hasten dira, seme edo alaba nerabeari entzuten duen musika hori ez dela musika esaten diotenean, eta euren ahotsean honelako esaldiak entzuten dituztenean: gure garaikoak, Dire Sraits, Scorpions..., haiek bai taldeak, hura bai musika.
Hala ere, zahartzen ari zarela egiaztatzeko, seinale hauek bezain fidagarria, eta agian fidagarriagoa, jakinmina galtzen ari zarela sentitzea da. Jakinminik ez edukitzea, zure eguneroko ingurutik at dagoena jakiteko inolako gogorik ez edukitzea, beste herrialde batean nola bizi diren jakiteko irrikan ez egotea, edo japonieraz eguzkia nola esaten den jakin nahi ez izatea. Jakinmina galtzea hiltzea da. Atso edo agure baten eskuak dituena, edo grabitatearen legeari amore eman dioten bularrak, edo bere garaiko batailatxoak kontatzen dituena, gazte izan daiteke oraindik ikusteko eta ikasteko asko geratzen zaiola sentitzen badu, jada bizitzan ikusi behar zuen guztia ikusi duela pentsatzen ez badu, bizitzak ezer berri eskainiko diola zalantzan jartzen badu. Gure azalak baino gure begiek erakusten dute gure benetako adina. Begiak esna daudenean, ikusteko gogoak dir-dir egiten jartzen dituenean, begi horien jabeak gazte izaten jarraituko du. Hil arte gazte.