Arazoak
nire arnasa entzuteko esan dit mediku naturistak. Azkarregi doa? Agian sakonegia da? Bihotzaren taupada azkarren soinua arnasaren gainetik gailentzen da? Eta nik neure buruari galdetzen diot ze demontre ari naizen arratsaldea galtzen nire arnasa entzun nahian ditudan arazo eta lan guztiei aurre egin beharrean. Eta hori omen da nire gaitza. Arazoei begiratzen diedala, eginbeharrei, neure buruari begiratu beharrean.
Arazoak arazo dira. Batzuk konpondu daitezke, beste batzuk nekez. Eta erremediorik ez daukaten arazoen aurrean bi aukera ditugu: konpondu ezineko arazoari etengabe begiratuz geure burua torturatzea edo geure buruari begiratu eta harentzat onena zer izan daitekeen asmatzen saiatzea. Askotan esan zaigu (eta guk kasurik ez) arazoak oso inportanteak izan daitezkeela, baina are garrantzitsuagoa dela arazoen aurrean dugun jarrera. Eta jarrera on bat arazoak eragin dizkigun zauriak sendatzen saiatzea izan daiteke. Geure buruari begiratu arazoari begiratu ordez, alegia. Platonen esaldia omen da, izan adeitsu eta atsegin, aurrean duzun pertsona bakoitza bataila latz batean murgilduta baitago. Honek esan nahi du bakoi-tzak bere buruarekin izan dezakeen jarrera hau, besteekin ere jarri daitekeela praktikan. Hau da, bizikletan zoazela bide gorritik eta andre bat aurkitzen duzula bertatik oinez? Ba berarekin haserretu beharrean, edo "andrea, Zinemaldiko alfonbra gorritik zoazela uste duzu, ala?" oihukatu beharrean, begiratuiozu begietara, edo kopetako zimurretara, eta pentsa ezazu zer eduki dezakeen buruan. Ze borroka. Ze bataila partikular. Pertsona horrek sortu dizun arazoari soilik begiratu beharrean, begiratuiozu berari ere eta ziur ezer esateko gogoa joaten zaizula. Ez dakit honek beste arazo handiagoak konpontzeko balioko duen, baina niri balio izan dit mediku naturistari kasu egiteko. Ziur pazienteek kasu egiten diotenean poztu egiten dela, eta agian barne borroka arintzen zaio. Ea ba, kontsultara sartu eta berehala begi tristeak nabaritu dizkiot eta.