Azalak
liburuei plastikozko azala jartzen diegu ikasturte hasieran. Babestu nahi ditugu. Ez daitezela busti, ez daitezela arrakalatu, egunero esku artean erabilita ez daitezela bigundu eta zimeldu. Ez dugu liburuekin bakarrik egiten, baina. Geure buruarekin ere antzeko zerbait egiten dugu, urteak aurrera egin ahala gero eta gehiago gainera. Armarri bat behar dugu, minetik babestuko gaituen tresnaren bat. Eta liburuen plastikozko azalarekin gertatzen den legez, gure gain jartzen dugun estalkia ez da ikusten, gardena da, baina, hala ere, ezin daiteke zeharkatu, edo hori da behintzat nahiko genukeena.
Bizi izan ditugun esperientzien arabera, azal zeharkaezinagoa eraikitzen dugu. Hala, kasu askotan, inoiz maitasun istorio batek min egin badigu eta maitemintzeko beste aukera bat agertzen bazaigu, berriz min sentitzeko beldurrez, plastikoaz bilduko dugu bihotza, estali egingo dugu, babestu. Kaiolan sartu.
Baina estalkiak txarretik babesteaz aparte, onetik ere urruntzen gaitu, aukerak murrizten dizkigu. Zauria egin aurretik benda jar-tzea izaten da askotan gure jarrera, baina bendak gure gorputza babesteaz gain, ez digu laztanik sentitzen uzten.
Bakoitzaren aukera da. Bizitzatik babes-azalik gabe joan ala ingurunetik babestea. Esango nuke, joera nagusia, ez bakarrik maitasunean, bizitzako alor guztietan ere, babesarena dela, beldurrez blai dagoen gizartea baikara zentzu handi batean. Horrela, batzuk gauetan ez irtetea erabakiko dute, eraso baten biktima bihurtzeko beldurrez; beste batzuk ez dute bidaiarik egingo lurralde ezezagunetara, hain justu, ezezagunak direlako han aurkituko dituzten bizi-baldintzak; edo ez dute lagun berriak egiteko ahaleginik egingo, onartua ez izateko beldurrez?
Dena dela, estalkiak ez gaitu betirako babesten. Ikusi bestela behin ikasturtea hasita zelako arrakalak egiten dizkieten umeek testu-liburuen plastikozko azalei.