Síguenos en redes sociales:

Hutsik

eztabaida sutsua du bikoteak. Etxeko balkoian daude, eta bizilagunek dena en-tzuten dugu. Emakumeak baratze ekologiko txiki bat jarri nahi du bertan, gizonak ezetz, ia zertarako nahi duten ortu bat, nahikoa lan dutela biek bestela ere, eta baratzeak behar eta ardura gehiago ekarriko diela, besterik ez. Gure etxeko piperrak eta kalabazinak jan ahalko ditugu, esan dio emakumeak, eta ez diola ilusioa zapuztuko. Dendako piperrak eta kalabazinak ez dira hain garestiak, ekin du gizonak, eta baratzea prestatzeko behar duen guztia erostea garestiagoa dela azaldu dio. Emakumeak ez du etsi, eta baratzeak estresa arintzen lagunduko diela esan dio, arratsaldero euren ortutxoko landareak ureztatzea yoga edo taichi egitea bezalako aberasgarria izan daitekeela espirituarentzat.

Edozer gauza egin baino lehen ondo dago neurtzea egin beharreko ahalegina, eta merezi duen edo ez, baina askotan, egin beharreko ahaleginean gehiegi pentsatzeak paralizatu egiten gaitu. Askotan, ilusioari jarraitu behar zaio bidean galdu daitekeena gehiegi baloratu gabe, ondorioetan gehiegi pentsatzeak ilusioa bera zapuztu ahal digu eta. Batzuetan, bidean zerbait galduko duzula onartuta egin behar da aurrera. Galduz gero ere, beti ikasten baita zerbait, beti irabazten baita zerbait, esperientzia txarra izanda ere.

Zertarako egin ohea goizean, gauean berriz nahastu behar badituzu izarak? Uste dut nerabea nintzenean inoiz esan niola amari holakorik, haren haserrea piztuz, noski. Orain uler-tzen dut ohea egin behar dela, gero berriz desegiteko, goizero esnatzeko gauero lo egin behar den bezala. Eta eguneko ilusio txiki batzuek gure bizitza betetzen dutela, hutsunea senti-tzetik aldentzen gaituztela.

Bikotearen eztabaida amaitu da. Zigarro bat erre dute, erdizka. Etxera sartu baino lehen emakumeak zerbait esateko ahalegina egin du baina isildu egin da. Nik uste dut esan nahi ziola hutsik dauden bizitzak direla pisu handiena dutenak, baina ez duela hitz egokirik aurkitu.