Síguenos en redes sociales:

Urruntzeak

pertsonak ez dira boomerang-ak. Pertsonak elkarrengandik urruntzen direnean, ez da hain erraza izaten joan-etorria burutzea. Lagunekin horrela gertatzen da. Lagun batzuk bat batean urruntzen dira elkarrengandik, haserrealdi bat dela eta; baina kasu gehienetan, lagunak ez dira horrela galtzen, poliki-poliki eta konturatu gabe baizik. Eguneroko deiak edo kontaktuak zirenak, astero bi-hiru egunerokoak bihurtzen dira, aste barruan zinera joateko eta ostiral eta larunbat iluntzetan ardo ba-tzuk hartzeko; gero astean behinekoak, larunbatetan bakarrik... Eta konturatu gabe, hilean behin ikusten duzu laguna, edo urte guztiak bi aldiz, edo bat ere ez.

Urruntzeak, baina, ez dira bakarrik egunetan zenbatzen eta neurtzen. Aurrez aurre egotean, ezezagun baten aurrean zaudela senti-tzean ohartzen zara benetan urruntzeaz. Konplizitatea galduta, laguna zurekin zerikusirik ez duen mundu batean dagoela ohar-tzean, edota zeure munduak ez duela zerikusirik jada berearekin.

Izan dira urruntzearen ondoren, lagunarekin zuten harremana berreskuratzea lortu dutenak, baina esango nuke garai bateko adiskidetasun hura berreskuratzea baino gehiago, lagun berri bat egitea bezalakoa izaten dela hori, izan ere, urteak pasata, ez bata eta ez bestea jada ez direlako pertsona bera.

Gertatzen ari den unean bertan bakarrik ekidin daiteke urruntzea. Eta horretarako adi egotea beharrezkoa da. Benetan maite duzun lagun bat zugandik urruntzen badoala senti-tzen baduzu, edo agian zeu baldin bazara berarengandik urruntzen ari zarena, merezi du ahalegina egitea. Asma ezazu edozein aitzaki deitzeko. Berak jakingo du aitzakia baino ez dela, eta bihotzez eskertuko dizu ziurrenez.

Pertsonak ez dira boomerang-ak, baina ba-tzuetan bueltako bidea egin dezaten laguntza pixka bat behar dute. Nahikoa da dei bat egiten ausartzea. Beste guztiak berez hartzen du abiada.