Síguenos en redes sociales:

Hilezkorrak

POLIKI ibiltzen naiz bizikletan hiritik. Behin istripu bat izan nuenetik, kontuz noa, eta nire erritmo geldoari esker ez dut istripu gehiagorik izan oraingoz. Aste honetan bertan, beste bizikleta batekin talka egiteko arriskua izan dut baina kolpea saihesteko gai izan naiz. Aurreko bizikleta zeraman mutiko nerabeak ez du kolpea saihesteko ahaleginik ere egin ahal izan, eskuak poltsikoetan sartuta baitzihoan aurrera. Badirudi modan jarri dela gaztetxoen artean horrela ibiltzea, eskulekuari eustea koldarren kontua balitz bezala. Ez dute beldurrik, antza, baina horrek ez du esan nahi ausartak direnik, arriskuaren kontzien-tzia falta zaiela baizik. Horregatik doaz eskulekuari heldu gabe, hilezkorrak sentitzen direlako.

Ni ere hilezkorra sentitu nintzen gaztetan. Eta harritu egiten nau garai hartan egin nituen zenbait gauza gogoratzea, gaur sekulako beldurra sentituko bainuen egoera haietako batzuen aurrean. Urteekin gero eta beldur gehiago izaten ditugu eta beldurrak geure burua menderatzeko eta paralizatzeko arriskua oso erreala bihurtzen da. Nire lagun batek esaten duen moduan, hainbeste urte nago neure konpainian, kariñoa hartu diodala neure buruari. Eta bai, holako zerbait gertatzen da, kariñoa hartzen diogula geure buruari eta, ondorioz, zaindu egin nahi dugula, arriskuetatik babestu.

Baina ez da betirako irauten duen kontu bat. Hiritik paseatu besterik ez dago ikusteko behin adin batetik aurrera, pertsona asko hilezkor sentitzen direla berriz. Adineko pertsonak dira eta poliki-poliki doaz aurrera, batzuetan makulu baten laguntzaz, baina haien erritmoak ez du zuhurtziarekin zerikusirik, ezintasunarekin baizik. Eta hala eta guztiz ere, edozein lekutatik zeharkatzen dituzte errepideak, diagonaletik askotan, euren bizitzak arriskuan jarriz.

Hara, hemen beste hilezkor bat, pentsatzen dut halako gizon edo emakume bat ikusten dudanean. Hilkorrak sentitzen garenei gizaki benetan harrigarriak iruditzen zaizkigu.