Síguenos en redes sociales:

Rights

Kamiseta errebindikatzaile batekin etorri da 17 urteko iloba familiako bazkarira. Soinean duen kamiseta beltzean Fight for your rights irakurri daiteke, ukabila itxita duen beso baten alboan. Amamak begirakunea bota dio eta esan du oraingo gazteek edozer jartzen dutela, askotan zer jartzen ari diren jakin gabe. Berak badakiela defendatu da iloba.

Niri gustatzen zaidala esan diot, eta amamari azaltzen saiatu naiz askoz hobe dela ilobak halako kamisetak janztea I´m a sexy girl eta horrelako leloak dituzten kamisetak baino. Pozik egon beharko litzatekeela, ilobak mundua aldatzeko duen grina ona dela eta abar? Eta poza sentitu dut, halako itxaropen izpi bat. Agian ez dago dena galduta, eta gure atzetik datozen belaunaldiek guk uste baino kon-tzientzia handiagoa dute mundu honetako injustizien aurrean.

Munduan gertatzen diren injustiziez pentsatu eta berehala iragan astean Indian arropak egiteko fabrika batean hildakoak gogoratu ditut, eta jakin minez, ilobaren kamisetaren etiketari begiratu diot. Made in Bangladesh dio. Bat batean neska bat imajinatu dut, nire ilobaren adinekoa, haren kamiseta josten erortzear dagoen eraikin batean, egunero 0,88 eurogatik, Inditex, El Corte Inglés edo Cortefiel bezalako markentzako. Zenbat kostatu zaizu? galdetu diot ilobari. Bederatzi euro.

Broma bat dirudiela pentsatu dut. Gustu txarreko broma. Munduan gertatzen diren gauza askori deitu al diezaiokegu indarkeria, baina askotan itsuak gara indarkeria handienaren aurrean, hots, egiturazko indarkeriaren aurrean. Pertsona batek beste bati tiro egiten badio, kartzelara eramaten dute. Baina nola ordaintzen dute gure gizartean egiturazko indarkeria mantentzen dutenek? Ez, ordaindu ez, haiei guk ordaintzen diegu gainera. Bangladesheko neskak nora joan behar du jasaten duen indarkeria salatzeko? Bangladesheko neskak zer egin behar du, nire ilobaren modura Fight for your rights leloa duen kamiseta jantzi?